Ekainaren 12an 38 urte bete ziren eskualdeko lau herritar helikoptero istripu batean hil zirela, Covadongako lakuetatik gertu, erreskate lanetan zebiltzala. Hango mendietan galdutako ume bat topatzeko lanetan zebiltzan, baina helikopteroak Sohornin tontorra kolpatu zuen ustekabean, eta lakuen ondoko errepidera jausi zen. Ezbeharrean lau lagun hil ziren: hiru elorriar eta garaitar bat. Harrezkero, Garaiko eta Elorrioko herritar batzuk eta Euskadiko eta Asturiasko Erreskate Txakurren Unitateko kideak urtero-urtero joaten dira istripua gertatu zen lekura, han hil zirenak omentzera.
Aurtengo oroimen ekitaldia atzo (domeka) egin zuten, eta tartean izan zen, besteak beste, Gontzal Sarrigoitia garaitarra. "Asturiasko Erreskate Txakurren Taldeko kideekin igo ginen istripua gertatu zen tokira, hango oroimen gunera. Lore-eskaintza egin genuen lehenik, eta minutuko isilunea gero. 80 bat lagun batu ginen, eta gure artean egon zen Asturiasko Erreskate Txakurren taldeko presidentea", azaldu du Sarrigoitiak. Era berean, garaitarrak hango kideen abegikortasuna eta urteetako hartu-emana goraipatu du.