Gerediaga elkarteak eta Urkiola Landa Garapenak bisita gidatuak antolatu dituzte eskualdeko historia eta ondare materiala zein immateriala ezagutarazteko. Gaur aurkeztu dute katalogoa, Garain egindako prentsaurrekoan. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, 25-30 laguneko taldeei eskainitako txangoak izango dira, ekainaren 22tik irailaren 28ra Durangaldeko 11 herritan egingo direnak. Era berean, bisitek landa eremuko turismo jasangarria bultzatzea ere badutela helburu esan dute.
Berbaldi ibiltariok euskara hutsez emango dituzte eta doakoak izango dira. Interesdunek aurretiaz eman beharko dute izena txangoetan, eta antolatzaileen baieztapena jaso. Horretarako, Gerediaga elkarteagaz hartu-emanetan jarri beharko dute, 94 681 80 66 telefonora deituta edo gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora mezua bidalita. Bisita gidatuen katalogo osoa gerediaga.eus atarian kontsultatu daiteke. Ibilbiderik gehienak "irisgarriak eta edonork egiteko modukoak" dira, baina euretariko batzuk luzeagoak eta aldapatsuagoak dira; Urkiolako Natur Parkeko inguruetan antolaturikoak, adibidez. Horietarako, mendiko oinetakoak jantzita eramatea gomendatu dute Gerediagak eta Urkiola Landa Garapenak, "bidea aldapatsua delako leku batzuetan".
BISITA GIDATUEN KATALOGOA
Ekainaren 22a, domeka
- Durango: "Erdi Aroko hiribildua" (11:00 - 13:30) Ibilbide erraza. Bisitaren amaireran, Durangaldeko KM0 produktuen dastaketa eskainiko zaie partehartzaileei.
Ekainaren 28a, zapatua
- Abadiño: "Natur parkean murgilduta". (16:00 - 19:00) Mendiko oinetakoak eta ura eramatea eskatzen zaie partaideei. Ibilbidearen zati bat aldapan gora izango da.
Ekainaren 29a, domeka
- Mañaria: "Harri herria". (10:30 - 12:30) Herrigunean hasiko da ibilbidea, baina ibilbide aldapatsua izango da. Ura eta mendiko oinetakoak eramatea eskatzen zaie partaideei ibilbide malkartsua delako leku batzuetan.
Uztailaren 5a, zapatua
- Zornotza: "Izen biko herria" (17:00 - 18:00)
Uztailaren 6a, zapatua
- Elorrio: "Jauregien erreinua" (11:00 - 12:30)
Uztailaren 12a, zapatua
- Zaldibar: "Bainuetxearen oihartzuna" (11:00 - 12:30)
Irailaren 13a, domeka
- Izurtza: "Etxaburutarren dorretxea" (16:30 - 18:00)
Irailaren 20a, zapatua
- Iurreta: "Auzolanean eraikitako herria" (11:00 - 12:30)
Irailaren 21a, domeka
- Berriz: "Markesaren paisaiak" (11:00 - 12:30)
Irailaren 27a, zapatua
- Atxondo: "Anbotopeko herria" (10:30 - 12:30)
Irailaren 28a, domeka
- Garai: "Durangaldeko balkoia" (11:00 - 12:30)