Zein izango da ekainaren 7ko mobilizazioaren helburu nagusia?
Mobilizazioaren goiburuak dioen bezala, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki, hemen herri bat dagoela adieraziko dugu, nazio bat garela eta aitortza hori merezi dugula. Kultura bat, hizkuntza bat, kirol eta ikur batzuk partekatzen ditugu, eta horiek ukatu egiten dizkigute hainbatetan. Epaitegietako euskararen kontrako oldarraldia hor dago, adibidez. Era berean, kirolean ere zailtasunak ditugu nazio gisa agertzeko. Hori guztia erakustea da helburua, nazioa garela aldarrikatzea eta aitortzea.
Burujabetzan salto bat emateko sasoia dela esan du Gure Eskuk. Zein da salto horren norabidea?
Burujabetza gehiago lortzea, hain zuzen ere. Argi dago Euskal Herria osatzen duten hiru eremu administratiboetan burujabetza gehiago lortzeko prozesuak abian direla. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusiak aspaldidanik dabiltza hizketan, estatus berri bat lortu nahian. Iparraldean ere, estatus berri bat lortzeko mugimendu handia dago Euskal Hirigune Elkargoaren inguruan, eta Nafarroako autogobernuan ere aurrerapenak egiten dabiltza. Horrek erakusten du salto bat emateko momentua dela. Eta zein izango den jauzi horren tamaina? Herritarron esku dago hori. Horretarako da, hain zuzen ere, ekainaren 7ko deialdia. Eztabaida hori dagoen bitartean, herritarrok prozesu horren gainean gaudela erakutsi behar dugu, kalean.
Aldarrikapenez gainera, Bilbora doanak animazioak eta egun osoko egitaraua ere topatuko ditu.
Gure Eskuk hainbat ekitaldi antolatu du, 10:30etik iluntzera arte. Hortik aurrerakoak bakoitzaren parrandarako gogoaren araberakoak izango dira (barrez). Ipuin kontalariak, bertsolariak, dantzak, musika, txarangak kaleetan, beste herrialdeetako kultur adierazpenak, Castellersak... Adin tarte guztiei begirako ekitaldiak egongo dira Zazpikaleetan zehar. Dena dela, hitzordu nagusia 17:30etan izango da. Ordu horretan irtengo da manifestazioa, Casillatik.
Zer esango zenieke irakurleei?
Garrantzitsua da burujabetza prozesuaren eta nazio bat garela erakusteko aldarrien atzean herritarrak gaudela erakustea. Izan ere, honako hau ez da politikarien kontua bakarrik. Politika gauza baliotsuegia da politikarien esku soilik uzteko. Herritarron eskubideak jokoan daudenean, herritarrok parte hartu behar dugu, ahotsa eta erabakimena izan behar ditugu. Uste dut horiek nahikoa arrazoi direla ekainaren 7an Bilbora joateko.