Gure Eskuk Bilboko ekainaren 7ko mobilizazio nazionalerako deia egin du, gaur eguerdian, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz deiadar mendietatik eta Matxitxako lurmuturretik (Bizkaiko bosgarren deiadar mendian, Solluben, obrak daudelako jo du Gure Eskuk Matxitxakora).
Mendi martxa egin ostean, 12:00etan, adarra jo dute, aldi berean, aipatutako lau tontorretan, baita Matxitxakon ere, eta mezu bera zabaldu dute ondoren lau haizetara. Gure Eskuk deitutako mobilizazio nazionala, 17:30ean abiatuko da La Casillatik, “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean”.