Oizera, burujabetzari deiadar egitera

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 30a, 13:13

Artxiboko irudia.

Domeka honetan, ekainak 1, Bizkaiko deiadar mendietara igotzera deitu du Gure Eskuk: Gorbeiara, Ganekogortara, Kolitzara, Oizera eta Matxitxakoko gudako oroigarrira. Azken horren lekuan Sollube mendiak egon behar luke, baina tontor horretarako bidea obretan dagoenez, Nestor Basterretxearen eskulturaren bueltan batuko dira.

12:00etan ekitaldi politikoak egingo dituzte aipaturiko puntu eta tontor guztietan, eta adarra joko dute aldi berean, ekainaren 7an Bilbora joatera deitzeko. Durangaldeko herritarrei dagokienez, Oizera igotzera deitu du Gure Eskuk. Ibiltarientzako hitzordua honako hau da: 10:00etan irtengo dira, Undakortatik (Garai). Oizeko tontorreraino elkarregaz igoko dira, oinez. 

Batzar Nagusiek, ekainaren 8an

Era berean, urteetako ohiturari eutsita, Bizkaiko Batzar Nagusiek ere hurrengo domekan, ekainak 8, deiadar mendietara igotzera deitu dute. Kasu horretan ere, Durangaldeko ibiltariek Oizera igotzeko aukera izango dute, Durangoko Alpino mendi taldeko kideekin batera. Hitzordua Garaiko plazan egin dute, 09:00etan. Handik irtengo dira Oizera, oinez. 12:00etan adarra joko dute tontorrean, batzar nagusietara deitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!