Bi hamarkada baino gehiagoz Lehendakari izandako Mujikak "emozionatuta" hartu zuen berba atzoko ekitaldian, eta eskertuta doala azpimarratu zuen, "Gerediagan ezagututako ikerlari, historialari eta bidelagunegaz ikasteko aukera eta Durangaldearen alde lan egiteko aukera izatearren", azaldu dute Gerediagatik ohar baten bidez.
Esan bezala, bederatzi lagunek osatuko dute Gerediaga elkartearen zuzendaritza berria. Mujikagaz batera, Belen Bengoetxeak ere utzi du zuzendaritza taldea.
Zuzendaritza batzordeko kide berria, ostera, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izango da. Beraz, Gotzon Gomez eta Asun Elorriaga izango dira aurrerantzean elkartek ordezkari nagusiak. Gotzon Gomez 1970.ean jaio zen, eta Deustuko Unibertsitatean filologia ikasi zuen; Durangoko Jesuitak ikastetxean 30 urte baino gehiago eman ditu euskara eta irakasle modura. Gomez DRTko kide modura ere ezaguna da, bertan jokalari eta entrenatzaile ibilitakoa delako. Asun Elorriaga, ostera, Gerediaga elkarteko idazkari izan da orain arte, eta orain lehendakariordea izango da. Elorriaga 1958an jaio zen, Muxikako Maume auzoan. Bartzelonako unibertsitatean ikasi zuen filologia eta Hizkuntza eskoletako irakasle izan zen, tartean, Durangoko Hizkuntza eskolako zuzendari ere bai, jubilatu arte.