Urmugak uztailaren erdialdean bisitatuko du Durangaldea

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 22a, 14:23

Mendi-zeharkaldiko ibiltariak uztailaren 15ean eta 16an izango dira Durangaldeko lurretan. Musika emanaldia, berriz, uztailaren 15ean egingo da Mañarian, Angurretako harrobian: Et Incarnatus orkestragaz batera izango dira Pirata, Hatxe, Leturia eta Irati Arcelus, Eñaut Elorrieta eta Xak taldea. 

Urmuga, Euskal Herriko mendi, ibar eta herriak musikaz betetzen dituen egitasmoa, bueltan da. Aurtengo edizioa, uztailaren 11tik 31ra egingo da, Euskal Herriko mendebaltedik hasi eta ekialderengo ertzeraino. Ohi bezala, mendi-zeharkaldiko ibiltariek eta musika ekitaldiek Kantauriko eta Mediterraneoko uren-banalerroa izango dute ardatz. Bidean, uztailaren erdialdean, Durangaldea bisitatuko dute.

Mendi-zeharkaldia

Mendi-martxa uztailaren 15ean ailegatuko da gurera, Maume aldetik Garaira eginda. Handik, Gerediagan behera egingo dute mendizaleek, eta eskualdeko herriburura, Durangora, ailegatuko dira azkenik. Biharamunean, uztailaren 16an, Urkiolan gora igoko dira, Besaidera iritsi eta Debagoienera igarotzeko. Mendi-zeharkaldi osoa edo txatalen bat egin gura dutenek zabal-zabalik dute horretarako aukera. Antolatzaileek esan dutenez, ibiltariek mendi-gidariak izango dituzte lagun, eta ziurtatuta izango dituzte lotarako zein jateko lekuak. Honako informazio kanal hauek ipini dituzte hartue-emanetarako: info@urmuga.eus helbidea eta 696146752 telefonoa. 

Kontzertua Mañarian

Urtero legez, Et Incarnatus orkestrako kideek hainbat emanaldi egingo dituzte euskal musikagileen kantuak eta abeslari ezagunak lagun. Guztira, zeharkaldiak irauten duen denbora-tartean, 25 emanaldi eskainiko dituzte. Horietako bat Durangaldean izango da, Mañariko Angurretako harrobian. Et Incarnatus orkestragaz batera, bertan izango Pirata, Hatxe, Leturia eta Irati Arcelus, Eñaut Elorrieta eta Xak taldea.

Zeharkaldirako izen-emateak eta kontzertuetarako sarrerak ekainaren 15etik aurrera eskuratu ahalko dira. Egitasmoko etapa eta musika emanaldien zehaztasun guztiak urmuga.eus atarian kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!