Mankomunitateak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Laguntzek baliabide ekonomikorik ezak eragindako larrialdi egoerak arintzea dute helburu, oinarrizko ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko. Mankomunitateko iturriek jakinarazi dutenez, larrialdi laguntzak honako kasu hauetarako erabili daitezke: ohiko etxebizitza alokatzeko eta mantentze gastuei aurre egiteko; energia hornidura (elektrizitatea, gasa...) ordaintzeko; altzarien eta etxetresna elektrikoen gastuei aurre egiteko; oinarrizko beharrizanak bermatzeko (elikadura, jantziak, osasuna) eta aurretiazko zorpetze-egoerek eragindako gastuei aurre egiteko.
Mankomunitateak gogoratu duenez, laguntzok egoera ekonomiko kritikoan bizi diren pertsona eta familientzat dira, hala nola ustekabeko diru sarreren galera, gaixotasunagatiko gastuen igoera, langabezia edo bizitza duinari eustea zailtzen duen beste edozein baldintza dutenenetzat.
Durangaldeko Mankomunitateko lehendakari Idoia Otaduyk nabarmendu duenez, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak funtsezko tresna dira gizarte zerbitzuen barruan, laguntza horien bidez larrialdi egoerek eragindako behar pertsonalak eta familiarrak prebenitzea lortzen baita. Mankomunitatetik Durangaldeko pertsonen gizarteratzea eta ongizatea babestu nahi ditugu, eta, beraz, lanean jarraituko dugu behar duenak gure laguntza izan dezan”.