Euskaraldia 2025

[ARGAZKI GALERIA] Herriz herriko hasiera ekitaldiekin abian da Euskaraldia: "Jar gaitezen martxan, irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak"

Anboto 2025ko mai. 15a, 20:45

Euskaraldiko txapak jarri dituzte eta manifestua irakurri dute.

Gaur goizetik martxan da Euskaraldia, 11 egunez euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa. Arratsaldean hasiera ekitaldiak egin dituzte herriz herri. Euskaraldiaren inguruko manifestua irakurri dute eta txapak jantzi dituzte.

Hona herriz herri irakurritako manifestua:

"Aldi batzuk amaitzen direnean kontatzen dira. Beste batzuk kontatzen direnean amaitzen dira. Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera: Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka.

Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz.

Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago.

Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu.

Komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian, handia egingo dugu beste behin ere, euskaran mundu oso bat kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat dugulako, bagara eta nor munduan. Beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin.

Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta.

Hau ez da txapa sinple bat [Txapa airera altxatuta] Txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza.

Euskarak Euskaraldia behar du. Euskaraldiak, hiztunak. Eta hiztunek, mintzakidea.

Txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasten da gaur. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, goxatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitu eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta.

Pausoz pauso, jarri gaitezen martxan, irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak.

Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa. Mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

Jantzi txapa, beraz, eta... gora euskara, gora euskaraduna eta gora Euskaraldia!"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!