DRTk errugbi materiala oparitu die ikastetxeei urteetako elkarlana eskertzeko

Anboto 2025ko mai. 7a, 20:20

DRTko eta bederatzi ikastetxeetako ordezkariak gaurko ekitaldian.

Materialagaz ikastetxeek tag errugbia jolas-orduan edo nahi dutenean lantzeko aukera izango dute.

Durango Rugby Taldeak hamarkadak daramatza Abadiño, Iurreta eta Durangoko ikastetxe desberdinekin elkarlanean, errugbia eskaintzen eta zabalkunde lana egiten. Errugbi saioak gorputz hezkuntzako orduetan landu izan dira, baina bereziki azken hamabost urteetako elkarlanaren ondorioz, Durango Rugby Taldeak ikastetxeetako irakasleak trebatu ditu eta ondorioz, ikastetxe gehienetan, errugbia hezkuntza-kurrikulumean sartua izan da. 

Elkarlan horri esker, Ikastetxeen Tag Errugbi Topaketa antolatzen dute udaberriro Arripausuetako errugbi zelaian. Aurtengoa, hamahirugarrena izango da eta datorren astean aurkeztuko dute.

Elkarlana eskertu asmoz, Durango Rugby Taldeak, Sukia Eraikuntzakekin batera, ikastetxeentzako tag errugbi materiala eman die ikastetxeei gaur arratsaldean DRTk Goienkalen duen egoitzan egindako ekitaldian. Materialagaz ikastetxeek tag errugbia jolas-orduetan edo nahi dutenean lantzeko aukera izango dute.

Tag errugbia kontakturik gabeko errugbi modalitatea da eta baloiaz gain, gerrikoak eta zintak erabiltzen dira. Modalitate hau, oso egokia da errugbia lehen aldiz ezagutzeko, eta bereziki, ikastetxeetako patioetan jolasteko.

DRTk eskerrak eman dizkie ekimena posible egin duten guztiei eta bereziki, bederatzi ikastetxe hauei; Abadiñoko Institutu, Iurretako Juan Orobiogoitia Institutu, Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutu, Durangoko Zabalarra Eskola, Durangoko Kurutziaga Ikastola, Durangoko Nevers Ikastetxe, Durangoko San Antonio Ikastetxe, Durangoko Jesuitak Ikastetxe eta Durangoko Landako Eskolari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!