Valladolid eta Ribera del Duero ezagutzeko bidaia eskualdeko adinekoentzat

Anboto 2025ko mai. 2a, 14:16

Valladolid hiriko Gutierrez pasabidea.

Zirkuituak sei eguneko iraupena izango du, bost gau, eta pentsio osoko zerbitzuan eskainiko dute. Txanda bitan egingo dute, urriaren 13tik 18ra eta urriaren 19tik 24ra. 

Mankomunitateko eta Durangoko Udaleko Adinekoen Zerbitzuek adinekoentzako kultur bidaia berri bat antolatu dute adinekoentzat. Aurtengo ibilbideak Valladolid eta Ribera del Duero eskualdea zeharkatuko ditu, parte hartzaileei "historia, ondarea eta kultura enogastronomikoa" eskaintzeko. Bidaian zehar, balio historiko eta kultural handiko lekuak bisitatuko dituzte, hala nola Valladolid, Zamora, Peñafiel (gaztelua eta Ardoaren Museo Probintziala), Toro, Rueda (upategira bisita eta dastaketa), Medina del Campo, Medina de Rioseco eta Gaztelako Kanala. Azken honetan itsasontziz egingo dute ibilbidea.

Bidaiaren prezioa 655 eurokoa da pertsona bakoitzeko, logela bikoitzean. Prezio horretan lekualdatze guztiak, monumentuetarako sarrerak, bisita gidatuak, dastaketak, gidaria, asegurua eta ostatua daude sartuta. 

Izen emateak

Izena emateko epea maiatzaren 5etik 20ra izango da. Durangon erroldatutako pertsonek
Udaleko adinekoen zerbitzuan eman ahal izango dute izena (Astarloa kalea); Mankomunitateko gainerako udalerrietako pertsonez, berriz, Elkartegian (Landako etorbidea). Eskari kopuruak plaza eskaintza gainditzen badu, zozketa publikoa egingo dute maiatzaren 26an, 10:30ean, Elkartegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!