[BIDEOA]: Tamaina handiko hondakinak batzeko zerbitzua behar bezala erabiltzera deitu dute

Anboto 2025ko api. 30a, 12:25

Mankomunitateak eta eskualdeko udalek herritarren laguntza eskatu dute tamaina handiko hondakinen bilketa hobetzeko. 

“Bide publikoan altzariak, etxetresna elektrikoak edo koltxoiak uzteak gure kaleak eta
plazak kaltetzeaz gain, ingurumen eta segurtasun arazoak ere sortzen ditu. Horregatik,
herritarrei gogorarazi nahi diegu hondakin horiek biltzeko sistema antolatu eta irisgarri bat
dagoela”, adierazi du Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak, zerbitzuan esku hartzen duten udalerrietako alkateekin batera. Tamaina handiko hondakinak batzeko zerbitzua behar bezala erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute guztiek, "hondakinen kudeaketa arduratsua sustatzeko funtsezko baliabidea" baita.

Hori dela eta, triptiko informatibo bat diseinatu du Mankomunitateak, eta zerbitzua jasotzen duten udalerrietan banatuko dute, etxerik etxe: Zaldibarren, Garain, Iurretan, Elorrion, Atxondon, Abadiñon, Izurtzan eta Mañarian.  

Informazioa: tamaina handiko hondakinak zelan kudeatu

Zer hondakin bota daitezke?

  • Lerro zuriko etxetresna elektrikoak: labeak, hozkailuak, garbigailuak, etab.
  • Lerro marroiko etxetresna elektrikoak: telebistak, DVDak, bozgorailuak, etab.
  • Lerro griseko etxetresna elektrikoak: ordenagailuak eta eramangarriak.
  • Altzariak eta tresnak: koltxoiak, somierrak eta altzariak, besteak beste.

Zer ezin da bota?

Garrantzitsua da gogoraraztea eraikuntzako hondakinak, paletak, pneumatikoak eta enbalajeak ezin direla ohiko bilketan utzi, baizik eta Garbigunean edo baimendutako kudeatzaile bati eman behar zaizkiola.

Noiz utzi behar dira?

  • Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Traña-Matienan eta Zaldibarren, hileko 1. eta 3. eguaztenetako goizeko 7:00ak baino lehen utzi behar dira.
  • Atxondon, Elorrion, Iurretan, Muntsarazen eta Zelaietan (Abadiño), hileko 2.
    eta 4. eguaztenetako goizeko 7:00ak baino lehen utzi behar dira.

Alternatiba: Durangoko Garbigunea

Ezarritako bilketa egunetara egokitu ezin diren bizilagunentzat, Durangoko Garbigunea alternatiba bat izan daiteke, hondakin horiek ordutegi honetan utz daitezen:

  • Astelehenetik barikura: 09:00-13: 30 eta 15:30-18: 00
  • Zapatu eta domeketan: 09:00-15: 00

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!