Kazetariak bertara heldu direnean, Bruss Durango enpresako langile batzuk fabrika atarian zain zeuden, arduradunak barruan bilduta zeuden bitartean. Automozioari lotutako piezak egiten dituzte bertan eta, jakina, piezen ekoizpenerako funtsezkoa da argindarra. “Etena kontrolatu bako momentu baten izan da. Makinen zikloak une ezberdinetan eten dira. Kaltea, batez ere, berriro ere dena martxan jartzea izango da”, adierazi du Kepa Jon Arana enpresako arduradunak. Txanda bi beharko dituzte, gutxienez, egoera leheneratzeko.
Rakel Beitia, Iurretako Osasun Zentroko erizaina, kontsultak pasatzen zebilen itzalaldia heldu denean. Ordenagailua itzalita egoteak medikuen lana mugatzen zuela adierazi du: pazienteen historiala jakiteko, ospitalean egindako plakak aztertzeko… Geletan leihorik ez dagoenez, argitasun falta ere muga izan dute. Egoera horrek ezohiko irudia utzi du anbulatorioan. Normalean pazienteek darabilten itxaron-gela, osasun langileek baliatu dute gaur, argindarra bueltatzea itxaroteko.
Iurretako osasun-etxeko langileak, normalean pazienteek darabiltzaten itxaron-gelan, argia etorriko itxoiten.
Durangoko Plus Dental hortz klinikan ere ezin izan dute ezer egin itzalaldiak iraun duen bitartean; ez pazienteen historialik begiratu, ez zirugiarik egin. “Kontsultara zetorren jendea etxera bidali behar izan dugu”, adierazi du Iraia Garciak. "Hemendik aurrera hitzorduak berreskuratzen eta berrantolatzen hasiko gara. Lehenengo gure programa propioko informazioa berreskuratuko dugu", gaileratu du.
Itzalaldia dela eta, Iraia Garciak eta bere lankideek ezin izan dute ezer egin goiz osoan.
Tren geltokirako sarreran, etxera zelan bueltatu pentsatzen topatu dugu Jasone Martin ikasle berriztarra. “Denbora luzerako bada, autobusa hartzea pentsatzen nabil”, esan digu. Horren aurretik, gurasoak jakinaren gainean jarri gura zituen, baina, jakina, ez zuen modurik, mugikorreko deiak eta mezularitza zerbitzua erorita zeudelako. Autobuserako bidean agurtu dugu.
Ezkurdi eta Andra Mari inguruko hainbat taberna irekita zeuden, zerbitzuan mugak zituzten arren. Esaterako, kafe makinak ez zebiltzan. Hala ere, jende dezente egon da terrazetan. Mesoi Berriko Mila Eizmendik umorez hartu du egoera: "Kandelak piztu eta , modu batera edo bestera, bezeroak atenditzeko moduan izan direla azaldu du. Galdera bat ere jaurti du airera: “Nondik dator itzalaldi hau?”.