[ARGAZKI GALERIA]: Suelma Beiruk ministro sahararra Durangaldera etorri da

Ekaitz Herrera 2025ko api. 7a, 13:50

Durangaldeko instituzioekin eta Rio de Oro elkartearekin harremanak sendotzera etorri da, errefuxiatuen kanpalekuetan lan egiten duten hainbat arduradunekin batera. Durangoko, Abadiñoko, Iurretako eta Mankomunitateko ordezkariek harrera egin diete Beiruki eta gainerako guztiei, goiz honetan, Durangoko udaletxean.

"Oso eskertuta gaude hemen egoteaz. Eskaintzen diguzuen laguntza, elkartasuna, ekintza ezin solidarioagoa da. Euskaldunak bereziki solidarioak zarete gurekin, zer esanik ez Durangoko eta Durangaldeko herritarrak", adierazi du Suelma Beiruk ministro sahararrak, goiz honetan, Durangoko udaletxean egindako agerraldian. Bera eta Saharako Errepublika Demokratikoko beste hainbat ordezkari eskualdera etorri dira bisitan, hemengo instituzioekin eta elkarteekin hartu-emanak sendotzera. "Harro egoteko modukoa da egiten duzuena, duintasuna ematen diozue-eta gizatasunari. Laguntza oro da beharrezkoa garaiotan, are gehiago beharrizana eta sufrimendua azpimarragarriagoak diren Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan", azaldu du ministroak. Halaber, errefuxiaturiko umeek Durangaldeko etxeetan eta aterpetxeetan egiten dituzten udako egonaldiak izan ditu gomutan, Rio de Oro elkarteak Izurtzan aniztasun funtzionala duten umeei eskaitzen diena, besteak beste. "Beharbada, zuentzat zerbait arrunta izango da guri bozgorailua ematea, baina guretzat, sahararrontzat, zerbait handia da gure herriak bizi duenaren berri han-hemenka eman ahal izatea", gaineratu du ministroak. 

Suelma Beiruk Saharako Errepublika Demokratikoko Gizarte Gaietarako eta Emakumeen Sustapenerako ministroa da. Gogoratu duenez, "egoera latza" da bere herriak bizi duena, lurraldea Marokok okupatuta duelako, herritar asko frontean daudelako, gerran, eta beste milaka herritar Tindufeko kanpalekuetan (Argelia) errefuxiatuta bizi direlako. Hala ere, garbi dio: "Borrokan jarraituko dugu, gure aberrira itzuli, bakean bizi eta gure herria berriro ere oparoa izan arte". 

Konpromisoa

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak "ohore handiz" egin dio harrera Suelma Beiruk ministroari. Gainera, alkateak gogora ekarri du Durangok, eskualdeko gainerako udalerriekin eta Mankomunitatearekin batera, urteetako lankidetza egin duela Sahararekin. Alkatearekin batera, Mankomunitateko presidente Idoia Otaduyk, Abadiñoko Mikel Urrutia alkateak eta Edurne Maguregi alkateordeak eta Iurretako Oskar Koka alkateak parte hartu dute harrera ekitaldian, baita Durangoko Iker Urkiza, Iker Txertudi eta Jorge Varela zinegotziek ere. 

Aurrerantzean ere orain arteko ildo beretik lan egingo dutela berretsi du Elkoroiribek: "Lankidetza erraminta ezin indartsuagoa da bakea, justizia eta askatasuna lortzeko. Saharako herriarekiko konpromisoa dugu, eta gaurko hau Giza Eskubideak eta bakea lortzeko lankidetza estuaren isla da", adierazi du. Rio de Oro elkarteko Mikel Del Arco arduradunak ere elkartasun lotura horiek izan ditu ahotan. "Haien bisitak elkartasuna beharrezkoa dela gogorarazten digu. Saharako gatazkak konponbide justua behar du: autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta Giza Eskubideak bermatzea. Zuen alde jarraituko dugu lanean", amaitu du.

Harrera-keinu modura, Elkoroiribek Santa Anako arkua ageri duen oroigarria eman dio Beiruki. Azken horrek, Saharako emakumeek berotik eta eguzkitik babesteko darabiltzaten zapiak eskaini dizkie ordezkari politikoei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!