Guztira, 145.500 litro olio eta 30.700 produktu-sorta baino gehiago banatuko dituzte Euskal Herriko etxeetan, erregistratutako 10.700 eskaerei esker. Iazko kanpainarekin alderatuta, ia 1.000 gehiago dira aurten egindako eskaerak: 2024an baino 17.530 litro oliba-olio birgina estra gehiago eta 4.655 produktu-sorta baino gehiago banatuko dute.
Egitasmoaren bultzatzaileak pozik agertu dira kanpainaren emaitzagaz: "2025eko Eskutik Eskura kanpainak jauzi berri bat suposatu du Errigorarentzat, kontsumitzaile arduratsu gehiagok proiektura batzeko asmoa erakutsi dutelako". Aurrerantzean ere, ildo beretik jarraitu gura dute lanean, "bitartekari espekulatzailerik bako eredua indartzen" eta kontsumitzaileak zein ekoizleak erdigunean ipintzen, baita Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko ekoizpena indartzen ere. "Etengabeko lanketan ari gara proiektuan, anbizioz eta ilusioz aipaturiko hiru helburuetara gerturatzeko lanean: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana", azaldu dute.
Mendigorrian (Nafarroa) egindako auzolaneko familia argazkia.