Kanpaina honen barruan, UEMAk errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak eman ditu. Esaterako, hitzordua hartzerakoan, ogasunagaz hartu-emana euskaraz izan gura dela adieraztea nahikoa da hartu-emana euskaraz izan dadin, bai aurrez aurre eta baita telefonoz zein Internet bidez ere. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daitekeela zehaztu dute.
Errenta aitorpena Interneten bitartez egiten duenak euskarazko bertsioa jaitsi dezake, eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitza bat aukeratzen duenak berariaz adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin gura duela. Beste moduren batean egiten duenak —finantza erakunde batean, esaterako— euskaraz egiteko eskatu dezake.
Herrietako datuak
"Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urterik urte gorantz doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindino", diote UEMAkoek, eta datuek ere horixe erakusten dute. Iaz, Bizkaian, Mendexa (% 27), Amoroto (% 25), Aulestia (% 22), Ispaster (% 20) eta Berriatua (% 17) izan ziren euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak. Gipuzkoan gehienezko ehunekoak handiagoak dira: Zerain (% 72), Orexa (% 67), Ataun eta Baliarrain (% 62) eta Amezketa (% 60), UEMAko datuen arabera.
Durangaldeari dagokionez, ehunekorik handiena Otxandiokoa da, % 10,6gaz. Garai dator segidan, % 10,3gaz. Portzentajeetan Atxondo da hirugarren herria % 8,4gaz. Bi herririk handienek, Durangok eta Zornotzak, ehuneko bera dute: % 4,8.
ESKUALDEKO DATUAK, EHUNEKOTAN Durangaldean, batez beste, Otxandion eta Garain egiten da errenta aitorpena euskaraz gehien.
* Bizkaiko Foru Aldundiko Alkarbide bilgunetik UEMAra jakinarazitako datuak |