2025eko Itzulia gaur hasiko da Gasteizen eta zapatuan amaituko da Eibarren. Sei etapa lehiatuko dituzte Euskal Herriko errepideetan eta euretako bitan Durangaldetik igaroko dira. Tropelak eskualdeko ordezkari bat izango da: Mikel Bizkarra mañariarra, Euskaltel Euskadi taldearekin.
Bizkarrak seigarren bider parte hartuko du Itzulian. Lesio batetik bueltan, erritmoa eta sasoia berreskuratzen dabilela ariko da. Izan ere, denboraldi hasieran eroriko bat izan zuen Valentziako Itzulian. Pubisean haustura txiki batekin, ia bi astez geldirik egon zen. Gero, lau astez entrenatu ostean, martxo amaieran bueltatu zen lehiara, Kataluniako Voltan. Ihesaldietan sartuta egon zen, baina normala den moduan "zeozer falta" zitzaiola onartu du. Hala ere, "egunetik egunera hobeto" sentitu dela dio eta Itzulira begira oraindino sasoi hobean egotea itxaroten du.
Mañariarra gogotsu eta dena emateko prest dago. "Etxeko proba da eta urteko helburu nagusia", dio. Taldearen helburuak "gerra ematea" eta "etapen borrokan ibiltzea" izango dira, jakinda "gatxa" izango dena. Esaterako, begiz jota dute biharko etapa, Iruñea eta Lodosa artekoa. Esprintean amaitzen bada Jon Aberasturirentzat aukera ona izan daiteke.
APIRILAK 10, EGUENA
Eguenean, Beasainen hasi eta Markina-Xemeinen amaituko den etapan, eskualdetik igaroko da Itzulia. Etapak 170 kilometro ditu eta 13:03an hasiko da. 44. kilometroan Asentzio gainetik igaro eta Elorriora jaitsiko dira. Handik Berrizera joango dira Miotatik. Ondoren, N-634 errepidea jarraituko dute eta Arriandin Muniketarantz sartuko dira.
APIRILAK 10, ZAPATUA
Zapatuko etapa, Itzuliko azkena, Eibarren hasi eta amaituko da, 153 kilometro egin ostean. Etaparen hasiera ordua 13:31 da. Tropela Trabakutik sartuko dira eskualdean, 68. kilometroan. Mallabia herrigunetik igaro, Areitiora igo eta Ermura jaitsiko da.