Kontsumitzailearen Informazio Bulegoak 2.277 kontsulta artatu zituen iaz

Anboto 2025ko mar. 24a, 07:30

Erreklamaziorik ohikoenak, banketxeei, bidaiei eta oinarrizko hornidurei buruzkoak (ura, argia, gasa) izan ziren.

Mankomunitateak jakinarazi duenez, iaz "nabarmen" handitu zen eskualdeko kontsumitzaileen eskubideak babesteko arreta, Kontsumitzailearen Informazio Bulegoan. 2023ko datuekin alderatuta, 2024ko izapidetzeek % 8 egin zuten gora. Erreklamaziorik ohikoenak, banketxeei, bidaiei eta oinarrizko hornidurei buruzkoak (ura, argia, gasa) izan ziren. Era berean, hipoteka-gastuei loturiko erreklamazioek "igoera nabarmena" izan zutela jakinarazi dute, eta iazko lehenengo hiruhilekoan erreklamazioen %70 mota horretakoak izan zirela zehaztu. Bestalde, internet bidezko iruzurren eta phishing iruzurren berri ere eman du Mankomunitateak. Horrek Informazio Bulegoari "ahalegin gehiago" eskatu diola aitortu du, "banketxeekin aholkularitza eta bitartekaritza indartu" behar izan duelako.

Mankomunitateko presidente Idoia Otaduyk esan duenez, Kontsumitzaileen Bulegoak "prebentzio eta dibulgazio lan handia" egin du, "bai arreta pertsonalizatuko zerbitzuen bidez, bai kontsumitzaileen babesa hobetzeko informazio-kanpainen bidez”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!