Errigorako produktuak eskatzeko kanpaina, martxan

Anboto 2025ko mar. 11a, 13:30

Errigorak udaberriko kanpaina hasi du, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko oliba-olio birjina estra, askotariko kontserbak, ardoa, arroza, pasta eta lekaleak euskaraz etiketatuta eta jatorrizko prezioan eskatzeko kanpaina. Eskariak martxoaren 26ra arte egin daitezke.

Kanpainak hainbat onura izango ditu. Batetik, Nafarroako Ager eskualdeko ekoizleek beren produktuak ezagutzera emateko sarea izango dute Euskal Herri osoan zehar. Era berean, kanpainak Euskal Herriaren elikadura burujabetza bultzatuko du, bertako beharrizanei erantzuten dieten sareak eta eskaintza sustatuta. Azken hori dela eta, Errigorak adibide pare bat eman ditu: pikillo piperraren eskaria hainbestekoa izaten da, ekoizleek lur arlo berriak landu behar izan dituztela kontsumitzaileen beharrizanari erantzuteko. Gainera, kontsumitzaileen konpromisoari esker, Nafarroako ekoizleek bertako lekaleen ekoizpena berreskuratu ahal izan dute, eta nekazariak lan-ildo horren aldeko apustua egitera bultzatu. Kanpainaren beste onuretako bat ekoizpen-kate motzagoak eta nekazaritza-eredu jasangarriagoak sustatzea da.

Aurtengo berrikuntzak

Udaberri honetan, honako produktu hauek batu dira eskaintzara: arroz konbentzionala (bonba eta lido aldaerez gainera), dilistak eta txitxirioak, moten arabera banatutako arbendolak (txigortuak eta naturalak), albahaka edo belar probantzalekin ondutako fussili pasta eta sei botilako ardo-sortak (eredu ekologikoan ekoitzitakoak guztiak, beltza, zuria eta gorria).

Eskaerak non eta nola:

Interesdunek online edo telefonoz egin ahalko dituzte eskaerak: errigora.eus atarian eta (+34) 848871223 telefonoan (Hego Euskal Herrirako) eta (+33) 532093545 zenbakian (Ipar Euskal Herrirako). Eskaerak egiteko azken eguna martxoaren 26a izango da. Produktuen banaketa apirilaren bukaeran eta maiatzean zehar egingo dute.

Banaketa guneak Durangaldean:

  • Abadiño. Isiotu Kultur Elkartearen bitartez.
  • Atxondo. Amillena
  • Berriz
  • Durango. Ibaizabal ikastola eta Kurutziaga ikastola, Abarrak Euskaltegia (AEK)
  • Elorrio. Txintxirri ikastola eta Abizari Euskaltegia (AEK).
  • Iurreta. Iurretako Dantza Taldearen bitartez.
  • Otxandio
  • Zaldibar. Udaletxeko plaza
  • Zornotza. Andra Mari ikastola, Zornotzako AEK eta Ixerbekoa kiroldegiaren ondoko lonja.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!