Martxoaren 8ko mobilizazioek feminismoa aldarrikatu dute "faxismoari aurre egiteko" tresna modura. Horrez gainera, krisialdi ekosozialari aurre egitera, Atzerritartasun Legea indargabetzera eta emakumeenganako eta LGTB pertsonen kontrako erasoak etetera deitu dute. Ondo azpimarratu dutenez, "indarkeria matxistak hil egiten gaitu".
Durangoko mobilizazioan, adibidez, jendetza batu da. Manifestazioa udaletxeko plazatik abiatu da, eta erdiguneko kaleak zeharkatu ostean iritsi da amaierara, Ezkurdira. Manifestazio bukaerako adierazpenean, "Indarkeria Matxistaren Aurkako Unitatea lehen lerrora" eroatera deitu dute, eta hura "etengabe elikatzea" eta zerbitzua "betirako" egonkortzea eskatu.