"Idaztea partekatu daitekeen zerbait dela erakutsi gura dugu"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 9a, 10:30

Irati Gallastegi Molero eta María Zarrabeitia Méndez.

Artista gazteek euren sorkuntzak lehiakortasunik barik aurkezteko eta plazaratzeko asmoagaz sortu dute 'Izanen' aldizkaria; oraintsu bigarren alea kaleratu dute, eta hirugarrenerako gaia ere plazaratu dute; 'Kresala' proposatu dute abiapuntu legez. 

Euskal Herriko ia dozena bat lagunek Izanen aldizkari digitala sortu dute, gazte sortzaileak saretu eta euren lanei ikusgarritasun handiagoa emateko asmoz. Talde horretako kideetariko bi dira Irati Gallastegi Molero elorriarra eta María Zarrabeitia Méndez abadiñarra.

Nondik dator 'Izanen' sortzeko ideia?
Irati Gallastegi Molero: Urruzuno literatur lehiaketan elkar ezagutu genuen; irabazleok Arantzara (Nafarroa) joan ginen egonaldi batera, eta han beti nabarmendu ziguten idazten jarraitzeko. Baina literaturaren munduan, lehiaketetatik kanpora, gazteontzat ez zegoela plazarik ondorioztatu genuen, ez zegoela lekurik gure lanak erakusteko. Orduan, lehiakortasunik bako eremu bat sortzea erabaki genuen. Komunitate bat ere egin gura genuen.
María Zarrabeitia Méndez: Batez ere, gure artean saretzea bilatzen genuen. Beste alde batetik, gure lanak erakutsi ahal izatea ere bilatzen genuen, ze, bestela, lehiaketak irabaztea da gure lanak erakusteko bide bakarra. Irabazten ez baduzu, inork ere ez du zure lanik irakurriko. Eta, jaso dugun lan kopurua ikusita, argi dago jende askok ez duena tokirik bere lanak erakusteko.

Euskal Herriko hainbat lekutako jendea izanda, zelan konpontzen zarete?
M. Z. M.: Lantaldean bederatzi lagun gara, lehiaketan elkar ezagutu dugunak. Interneten bitartez egiten dugu dena, eta gainerakoekin ere sare sozialen bitartez berba egiten dugu normalean.

Hainbat bider nabarmendu duzue lehiakortasunik eza.
I. G. M.: Irabazlerik bako leku bat gura dugu, denak maila berean egotea. Lehiaketarik irabazten ez duen jendearen lanak ere irakurri gura ditugu, izan ere, epaimahaiaren iritziaren menpe dago, bestela. Beste kontu bat litzateke akats ortografikodun edo maila eskaseko lanak jasotzea, baina ez da horrelakorik gertatu. 
M. Z. M.: Urruzuno lehiaketan, esate baterako, 270 lan bidaltzen dira; horietatik hamarrek irabazten dute, eta publikatu egiten dira, baina horrek ez du esan gura gainerako 260ak txarrak direnik, eta ez dago horiek non ikusi.

Idaztea bakarkako ariketa legez hartu izan da luzaroan.
M. Z. M.: Sortzaileak elkarren artean harremantzea litzateke gure beste helburuetariko bat. Eta oraindino gertatu ez den arren, sortzaileek elkarregaz sortzea asko gustatuko litzaiguke.
I. G. M.: Azken finean, gu ere horretarako elkartu gara. Normalean bakarrik idazten dugu, baina idaztea partekatu daitekeen zerbait izan daitekeela erakutsi gura dugu. Eta sortzen duzuna ez duzula zertan zuretzat gorde, erakutsi dezakezula, hala gura izanez gero behintzat.

Oraintsu bigarren alea kaleratu duzue. Zelako harrera izan du lehenengoak?
M. Z. M.: Lehenengo alean, guk geuk idatzi eta sinadurak asmatu beharko genituela pentsatu genuen, gure lanak argitaratzea baina izen asmatuekin, jende askok idatzi duela erakusteko, baina ez da horrela izan [barrez]. Gureak kanpoan utzi behar izan ditugu ia.
I. G. M.: Azkenerako, aldizkaria luzeegi geratuko zitzaigula uste genuen! Oso pozik gaude izandako harreragaz, jasotako lan guztiekin, hedabideetan izandako oihartzunagaz... Ezagutzen ez ditugun egileen lanak ere jaso ditugu, eta horrek erakusten du noraino heldu garen.

Sarean kaleratu duzue. Baduzue asmorik paperean ateratzeko?
I. G. M.: Gura genuke, baina urruntxo ikusten dugu.  
M. Z. M.: Sareak bere alde onak eta txarrak ditu. Adibidez, edozein lekutara heldu gaitezke Internet bidez. Dena dela, artea bere forma guztietan publikatzea gustatuko litzaiguke, baita bideo edo audio formatuan ere, eta hori ezingo litzateke fisikoki egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!