Durangaldeko Autodefentsa Sareak jakitera eman duenez, ostalaritzako langileak elkartzeko espazio bat zabaldu gura dute, lanpostuetako arazoak elkarbanatu eta elkarrekin aterabideak bilatzeko asmoz. Horretarako, martxoaren 17rako, tailer bat deitu dute eta bertan jorratuko dituzten puntuetako batzuk hauek izango direla azaldu dute: Zer dio hitzarmenak jaiegunetan lan egiteari buruz? Oporrak inposatu al dizkizute? Zenbateko denboraz jakin beharko genuke egutegia? Zer egin dezakegu kaleratzeen eta ez-ordaintzeen aurrean?
Bestalde, ohar berean aipatu dute, Xirimiriko tabernaren auzia dela eta, orain arte ospatu ziren epaiketetan "eskatutako guztia" onartu dietela: "langileei zor zitzaizkien nominak eta kaleratzearren ordaindu beharreko kalte-ordainak". "Hala ere, langileek momentuz ez dute kobratu", gaineratu dute.