Berton Bertokoa dinamika eta eskualdeko baserritar ekoizleak 2023an hasi ziren Atxondoko eskolan programa garatzen. Ordutik hona, haurreskolako eta Lehen Hezkuntzako umeek eskualdeko baserritarren produktuak eta sasoiko elikagaiak jaten dituzte jolasorduan. Era berean, programa beste hainbat herritara zabaldu dute harrezkero. Iazko maiatzean, Berrizko, Elorrioko, Zaldibarko eta Maiztegiko eskoletako ikasleek (Iurreta) hamaiketako osasungarriak jaso zituzten astebetez. Aurten, Zelaietako eskolan (Abadiño) izan dute, eta laster Traña-Matienako eskolara eta Durangoko Zabalarrara ailegatzea gura dute antolatzaileek. Berton Bertokoa dinamikako kideek esan dutenez, "horretarako lanean" dabiltza.
Zabaltzeko proposamena
Eskolarik gehienetan, hamaiketako osasungarrien programa astebetez egon da martxan, baina Berton Bertokoak maiztasun hori handitzeko eta programa eskola gehiagotan errotzeko proposamena mahaigaineratu du. "Egitasmoa eskualdean zehar hedatuko balitz, lehen sektorearen biziraupenerako oso interesgarria izan daitekeen proiektu bat izango genuke", azaldu dute. Honako datu hau ere eman dute: Atxondoko eskolan bakarrik 6.000 euroko erosketa egiten diete bertoko baserritarrei urtero.