Gerturatzen ari da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei ‘Maite zaitut!’ erraldoia esateko festa erraldoia, eta ikuskizuna ere ari da gorpuzten, maiatzaren 3ko hitzorduari begira: musika, dantza, zirkoa, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dira oholtzan, pailazoek urtetan eta urtetan eskainitako soinu-banda abiapuntu hartuta.
Egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu bezala, herri omenaldi hau esku askotara jositako proiektua izan da hasieratik, eta ikuskizuna ere bide beretik ontzen ari dira. Izan ere, euskal eszenako 20 izen handik baino gehiagok bat egingo dute Bizkaia Arena - BEC!-eko oholtzan (abeslariak, idazleak, dantzariak, bertsolariak, aktoreak… ):
Agurtzane Intxaurraga ikuskizuneko zuzendaria “oso eskertuta” azaldu da, hitzorduan parte hartzeko baiezkoa eman duten artista guztiekin: besteak beste, Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurina, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza, Bizipoza Elkartea nahiz inguruko erraldoiak ariko dira elkarrekin, BEC! plaza erraldoi bilakatzeko.
Hitzordua plaza horretan bertatik bertara jarraitzeko harmailetako sarreren erdiak salduta badaude ere, omenaldiarekin bat egin nahi dutenek eskuragarri dituzte sarrerak, 15 euroan, nikeremaitezaitut.eus atarian.
ANBOTOk ikuskizun honetara joateko bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu martxoan. Datozen asteetan zehar zozketaren berri izango duzu.