Bretainia eta Normandia inguruak ezagutzeko bidaia Durangaldeko adinekoentzat

Anboto 2025ko ots. 7a, 14:00

Zazpi egun eta sei gauko lau bidaia izango dira, maiatzaren 24tik, maiatzaren 27tik, ekainaren 3tik eta ekainaren 17tik aurrera eskainiko direnak. Adinekoek otsailaren 10etik 21era arteko epea izango dute bidaian izena emateko. 

Mankomunitateko eta Durangoko Udaleko adinekoen zerbitzuek kultur bidaia antolatu dute eskualdeko adinekoentzat. Interesdunek otsailaren 10etik 21era arteko epea izango dute bidaian izena emateko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bidaia bakoitzak 1.520 euroko kostua izango du pertsonako, eta honako zerbitzu hauek izango ditu: gidari baten laguntza ibilbide osoan zehar eta programako txango eta bisita guztiak. Logeletan banaka lo egin gura dutenek 200 euroko prezio gehigarria ordaindu beharko dute. 

Bidaian zehar, honako inguru hauek bisitatuko dituzte: Rennes, Carnac, Vannes, St. Brieuc, Dinan, St. Michel eta St. Malo. Ondoren, ibilbidea Caen hirira lekualdatuko dute, eta handik Bigarren Mundu Gerran, aliatuek lehorreratze lanetarako erabili zituzten inguruak ezagutuko dituzte, La Pointe du Hoc eta Arromanches barne. Azkenik, bisita panoramiko gidatua egingo dute Parisko kaleetan.

Datak eta izena emateko prozesua:

Irteerak 2025eko maiatzaren 24rako, maiatzaren 27rako, ekainaren 3rako eta ekainaren 17rako programatu dituzte. Horietan izena emateko epea otsailaren 10ean hasi eta 21ean bukatuko da, biak barne. Eskari kopuruak eskainitako leku kopurua gainditzen badu, antolatzaileek zozketa egingo dutela azaldu dute. Hori otsailaren 25ean egingo lukete, 16:00etan, Elkartegian.

Izena emateko tokiak:

Durangon erroldatutako pertsonak:
Durangoko Adinekoen Zerbitzua
Helbidea: Pablo Pedro Astarloa kalea, 1-2.
Telefonoa: 94 465 74 51
Posta elektronikoa: adintek@durango.eus

Eskualdeko gainerako udalerrietako pertsonak:
Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzua
Helbidea: Durangoko Elkartegia, Avda. Landako, 4
Telefonoa: 94 620 05 46
Posta elektronikoa: nagusiak@dma.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!