[BIDEOA]: "Uri ahizparengaitik hasi nintzen errugbian. Niretzat erreferente bat izan da beti"

Anboto 2025ko ots. 7a, 09:17

Goreti Barrutieta Barrenetxeak, (Iurreta, 2007) Durango Rugby Taldeko harribitxi gazteak, Errugbi 7ko World Series txapelketa jokatu du Australian. 17 urtegaz, Espainiako selekzio absolutuagaz debutatu eta entsegu bat lortu du

"Ausarta, azkarra eta bertikala". Horrela definitu dute Goreti Barrutieta zelai barruan, baina zelaitik kanporako bere ibilbidea laburbiltzeko ere balio du. 17 urtegaz, azkar egin du gora eta ez zaio ausardiarik falta munduko onenen kontra lehiatzeko. Orain asteburu bi errugbi 7ko Espainiako selekzio absolutuagaz debutatu zuen Australian, World Series txapelketaren barruko jardunaldian. Orain zortzi urte, 2017ko otsailean, beste Barrutieta batek debutatu zuen txapelketa horretan bertan: Uribarri Barrutietak. Ahizpa nagusia erreferente izan da beti ahizpa gaztearentzat.

Adinez nagusia izan aurretik debutatu duzu Espainiako selekzio absolutuan. Deialdian sartzea itxaroten zenuen?
Egia esanda, ez nuen espero. Egun batetik besterako kontua izan zen. Jokalari bi lesionatu egin ziren eta ea Australiara joango nintzen galdetu zidaten. "Ba goazen", erantzun nien. 

Zelako esperientzia izan da?
Errugbi zelaira sartu nintzenean ez nuen sinesten. Jende asko harmailetan eta munduko jokalaririk onenak zelaian. Txikitan, horrelako partiduak eta jokalariak telebistaz ikustean, ametsa iruditzen zitzaidan ni euren mailara heltzea. Eta orain hor egon naiz. "Zer egiten dut nik hemen, 17 urte baino ez ditut eta!", pentsatu nuen. 

Talde nagusian berria zinen. Zelakoa izan zen egokitzapena?
Ondo joan zen. Denak jatorrak dira. Jokalari asko ezagutzen nuen. Aurretik, talde nagusiagaz bost bat bider entrenatuta nago. Orduan 16 urte nituen eta entrenatu bakarrik egiten nuen eurekin, 17 urte egin arte ezin daitekeelako talde nagusiagaz jokatu.  

Zenbat partidu jokatu zenituen Australian?
Bost partidutan parte hartu nuen, selekzioak jokaturiko denetan. Australiaren kontrako partidua osorik jokatu nuen, titular irtenda. Gainerakoetan partidu erdia jokatu nuen, gutxi gorabehera. 

Zelan ikusi zenuen zeure burua munduko onenen kontra lehiatzen? 
Ondo sentitu nintzen. Maila handiko jokalariak dira eta igartzen zen euren lana errugbia dela; hau da, dedikazio osoa horretara dutela, baina beldurrik barik jokatzen ahalegindu nintzen.

Entsegu bat lortu zenuen Irlandaren kontrako garaipenean. Zelan gogoratzen duzu? 
Partidu hori aulkian hasi nuen. Hiru entsegu eginda aurretik gindoazen eta orduan sartu nintzen zelaira. Gogoan dut baloia hartu eta segituan korrika hasi nintzela entsegu marraraino heldu arte.

Errugbi 7an aritu zara. Zazpi jokalari besterik ez talde bakoitzeko. Eskakizun handiko modalitatea da? 
Bai, errugbi 15ean baino fisiko hobea behar duzu. Erresistentzia aldetik esan gura dut, iraupenean, ez plakaketetan eta antzerakoetan. Korrika asko egin behar da. Gainera, jokatzeko modua oso desberdina da, arina. Eta akats bat egiten baduzu edo espazio txiki bat utzi, galduta zaude, aurkariak entsegua lortuko du.

Iaz, Frantzian, Europako txapeldunorde geratu zinen 18 urtez azpiko taldeagaz. Hain gora heltzea helburuen artean zeneukan? 
18 urtez azpiko taldea beti goian ibili izan da Europako txapelketetan. Espektatiba handiagaz joan ginen. Gainera, hara heldu ginenean lagunarteko partidu bat jokatu genuen Europako txapelduna zen Frantziaren kontra eta maila ona eman genuen. Beraz, txapelketan eurei irabazteko kapaz ikusten genuen geure burua. Azkenean, Frantziaren kontra jokatu genuen finala eta ozta-ozta irabazi ziguten, hiru puntugaitik: 15-12. Pena izan zen. 

Alberto Socias Espainiako federazioko Errugbi 7ko zuzendari teknikoak honela definitu zaitu: "Ausarta, azkarra eta bertikala". Ados zaude definizio horregaz?
Bai, esango nuke nahiko ondo definitzen dituela nire gaitasun nagusiak. Ausarta izaten ahalegintzen naiz eta azkarra naiz. 

Eta zer geratzen zaizu hobetzeko?
Gauza asko oraindino. Zelai barruko diziplina hobetzea, esaterako, edo elikadura gehiago zaintzea. 

Euskadiko errugbi selekzioagaz ere hitzordu garrantzitsu bat duzu asteburu honetan.
Zapatu honetan Espainiako txapelketako finala jokatuko dugu. Finala Bilbon da eta Kataluniako selekzioaren kontra jokatuko dugu. Iazko finala galdu egin genuen Kataluniaren kontra. Kasu honetan ere final lehiatua izan zen. Aurten, irabazteko itxaropena dugu. Nesketan Euskadiko selekzioa indartsuenetarikoa da estatuan.

Euskadiko selekzioagaz ibilbide luzea duzu?
Bai, 15 urtegaz jokatu nuen lehenengoz, 16 urtez azpiko taldean. Mutilen deialdi bat zegoen. Normalean neskak ez ziren joaten, maila horretan jokalari gutxi zegoelako jokatzeko. Deitu egin zidaten eta partidu bat jokatzera joan nintzen Frantziara. Neu izan nintzen taldeko neska bakarra. Talde beragaz Espainiako txapelketan parte hartu nuen eta txapeldunorde geratu ginen. Ondoren, 16 urtegaz, kategoria bat igo ninduten eta 18 urtez azpiko selekzioagaz Espainiako txapelketa jokatu nuen, Valentzian. Ni baino urte bi gehiagoko jokalariekin jokatzen aritu nintzen. 

Uribarri Barrutieta zure ahizpa nagusia duzu. Jokalaria zela, berak ere ibilbide oparoa izan zuen eta munduko txapelketak jokatu zituen. Uribarri zure ispilu izan da?
Bai, dudarik barik. Beragaitik hasi nintzen errugbian. Momentu konkretu hori ondo gogoratzen dut. Bost-sei urte izango nituen. Etxean nengoen, Urigaz eta lehengusuagaz. Errugbiko baloi bategaz paseak egiten zebiltzan. Halako batean, niri eman zidaten baloia eta euren jokora batu ninduten. Paseak oso ondo egiten nituela esan zidaten, eta errugbian izena eman behar nuela. Egun horretan bertan hauxe esan nion amari: "Ama, errugbian apuntatu gura dut". Gerora ere Urik pisu handia izan du nire ibilbidean. Umetan askotan ikusi ditut bere partiduak. Nazioartean jokatzen zuenean, mugikorragaz jarraitzen nituen bere partiduak. 2018an San Frantziskora (AEB) joan ginen Uriren partiduak ikustera. World Seriesa jokatu zuen han, nik orain jokatu dudan txapelketa bera. Orain, DRTn nire taldeko bigarren entrenatzailea da. Niretzat erreferente bat izan da beti. Aholkua berari eskatzen diot beti. Errugbiari loturiko guztia berak eramaten dit. 

Hartu-eman horren adibide bat emango didazu?
Iaz Getxo errugbi taldetik deitu zidaten. Aurten ere deitu didate. Ohorezko Mailako taldea da. Gurasoekin barik, Urigaz aritu dira hartu-emanetan. Bion artean eraman dugu gaia. 

Zer gertatu zen Getxo errubgi taldearen eskaintzagaz?
Ezetz esan nien. 16 urte nituen eta 17 urte izan arte ezin nuen talde nagusiagaz jokatu. Beraz, ez nuen Getxoraino joan gura DRTren maila berean dagoen talde batean jokatzera. Urte erdi itxaron behar nuen talde nagusiagaz jokatu ahal izateko. Gurago nuen hemen geratu, nire lagunekin eta nire jendeagaz.

Getxok etorkizunean berriro zure atea jotzen badu, proposamena aztertuko duzu?
Bai. Gustatuko litzaidake Ohorezko Mailan edo goragoko maila batean jokatzea. DRTn oso gustura nago, baina gure ligako taldeen kirol mailan alde handia ikusten da. Zortzi entseguko aldea izaten da batzuetan. Ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren, baina heltzen diren proposamenak aintzat hartuko ditut. 

Umetatik Durango Rugby Taldean zabiltza. Zer da DRT zuretzat?
Dena. Nire lagunak DRTn dabiltza eta nire familia guztiak hemen jokatzen du. Nire hiru lehengusuk DRTn jokatzen dute errugbian; nebak hemen jokatu du eta ahizpa biek ere bai. Nire osaba presidentea izan da. Amamaren neba mutilen entrenatzailea izan zen. Eta adibide gehiago ditut. Nire familiak lotura estua izan du DRTgaz. 

DRTgaz Euskal Liga jokatzen zabiltza. Durango Ermarmotor taldeak bigarren tokian amaitu du lehenego fasea. Horri eskerrak, onenen multzoan zabiltzate jokatzen bigarren fasea. Une honetan, laugarren tokian zaudete. Liga denboraldia itxaroten zenuten moduan doa? 
Denboraldia ondo doa. Taldean 26 fitxa daude eta kopuru polita da, baina dela lanagaitik, dela bestelako konpromisoengaitik, edo lesionatu asko ditugulako, batzuetan 16 jokalarigaz joaten gara partiduetara; hau da, aldaketa bakarragaz. Inoiz 14 jokalarigaz ere joan gara. Partidu horiek fisikoki gogorrak izaten dira. 

Denboraldia amaitu bitartean, zein da helburua?
Gure mailarik onena ematea eta ahal dugun lehikorrenak izatea dira helburuak. Eta errugbian jokatuz ondo pasatzea. Hori ere garrantzitsua da. 

Zelako taldea duzue?
Jokalari gazteen eta helduen arteko uztarketa bat da. Beharbada gazte gehiago dagoela esango nuke, iaz gazte askok eman zutelako izena. Ez da ohikoa errugbian. Normalean, neskek joera handiagoa dute saskibaloirako. Aukera kontua ere bada sarritan. Umetan multikiroletan nik ez nuen izan errugbia aukera moduan. Orain, errugbia ere badago aukeren artean. DRTk lan handia egiten du horretan, eta poztekoa da. 

(Argazkiak: Luis Iturrioz eta DRT)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!