"Inspirazioa ez dator iluminazio batetik, lana dago atzean"

Anboto 2025ko ots. 7a, 12:00

Miren Amurizak eta Malen Amanabarrek erakusketa ipini dute Durangoko Arteka liburu dendan; zapatuan 'Anastasini zirkua'-ren aurkezpena egingo dute, eta, besteak beste, sormen prozesua azalduko dute, eta ilustrazio originalak erakutsi

Iberiar penintsula gurutzatzen zebilela, 1936ko altxamendu faxistak Lodosan harrapatu zuen Anastasini zirku italiarra; gertaera hori ardatz hartuta, Miren Amuriza berriztarrak eta Malen Amenabarrek album ilustratua ondu dute, Anastasini zirkua; Denonartean argitaletxeagaz kaleratu dute. "Espainiako Gerrari buruzko kontakizun bat dugu denok buruan. Hori aldatzea izan da erronkarik handienetariko bat", esan dute.

Nondik dator Anastasini zirkua?
Miren Amuriza: Anastasini zirkua jatorri italiarreko zirkua zen. Penintsula behetik gora zeharkatu zuten. Istorioa 1936ko udan kokatzen da, uztailean Lodosara heldu ziren, altxamenduaren aurreko egunetan. Ikuskizuna egin zuten, baina altxamendua hasi zen, eta handik egun pare batera zirkuko parte hartzaile guztiak desagerrarazi egin zituzten. Albiste horren berri 2017ko abuztuan izan nuen, Berria egunkariaren bitartez. Ikusi, gorde eta Maleni bidali nion, zeozer egiteko.

Erditze luzea izan du, ezta?
Malen Amenabar: Gutxi gorabehera, zazpi urteko prozesua izan da. Hasieran, album ilustratu bat sortzen hasi ginen, baina aukera gutxi dago horrelakoak euskaraz kaleratzeko; birritan ahalegindu gara Etxepare lehiaketara aurkezten, baina umeei zuzenduta dago gehien bat, eta konturatu ginen hor ez zuela funtzionatzen. Hiru-lau ahaleginen ondoren, Denonartean argitaletxearen bitartez argitaratu dugu. Nabarmendu gura genuke umeek ere irakurri dezaketela, baina ez da espreski umeentzako album ilustratu bat. Fikziozko istorio bat kontatzen du, errealitate horretan kokatuta, eta guk lizentzia batzuk hartu ditugu; irudien kasuan, gau bateko kontakizuna da, gauez hasi eta eguna argitu artekoa. Narrazioa, beharbada, luzeagoa da.

Faseka egin dugu. Tartean, Bikoteka deitzen den tailerrean ere parte hartu genuen. Ilustratzaile bat eta idazle bat proiektu bat garatzeko batzen dira astebetez. 2022an egon ginen gu, Iñigo Astizegaz eta Maite Mutuberriagaz. Hor azkeneko emaiatzara gehien hurbiltzen dena garatu genuen. '

Zein izan da erronkarik handiena?
M. Amuriza: Hasieran umeentzako lan batera begira geundenez, askoz tonu eta irudi infantilagoak ziren. Testu honek duen ezaugarri nagusi bat, memoria kolektiboaren parte diren gertakizunetan lez, Titanic efektua delakoa kontuan hartu behar dela da, hau da, badakigu zer pasatuko den. Ondorioz, beste bide batzuk topatu behar dituzu kontatu gura duzuna kontatzeko, eta, bestetik, irakurlea zelanbait harrapatzeko. Testuaren lehenengo bertsioetan lizentzia horien arteko aldea handiegia zen. Indar handiko istorio bat tonu naifean kontatzen zen, eta gehitzen diozun edozer gehiegi izan daiteke; kasu horretan, testua oso naifa zen, eta gerora ikusi dugu ez zituela hainbeste elementu behar. 
M. Amenabar: Horrelako proiektu bat hastean, erronka ipintzen diozu zeure buruari, eta, gutxitu barik, zeozer gehitu egiten da normalean. Kasu honetan, gehitzean, istorioak esentzia galtzen zuela konturatu ginen; testua eta irudia lotuta joan behar dira, eta azkenengora arte ez genuen lortzen guztiz borobiltzea. Bertsioak amaitu, baina zeozer falta zala eta zeozer sobra zegoela ikusten genuen. Soiltze ariketa bat izan da. 

Ez da elkarregaz lan egin duzuen lehenengo aldia.
M. Amenabar: Pertsonalki, orain urte bi ezingo nuen hau egin, hainbat gauzagaitik. Niretzat oso potentea izan da arlo pertsonalean zein profesionalean; teknikoki gauza batzuk egitea ez da erraza izan. Hori bai, amaituriko lan bakoitzetik zeozer ikasi dut; koloreraren erabilera, adibidez. Eta Mirenegaz oso pozik nago, asko konpartitu dugulako. Beste lan batzuetan ez dut, beharbada, hainbeste konpartitu; hau kolektiboagoa izan da.
M. Amuriza: Konpartitu eta ikasi, ze askotan idazleok testua idazten dugu, osorik, eta ilustratzaileari bidali gero, apaintzeko. Bai lan honetan eta baita Titiritarin ere, ikasi dudan gauzetariko bat da ez dela zertan testua izan lehenengo eta irudia gero; biak paraleloan sortzea posible dela. Eta kasu honetan, bertsioetariko bati irudien storyboard-a sortzetik ekin genion. Horren emaitza, kontakizun bat narrazio biren bitartez; alde batetik, testuaren bitartez kontatzen dena, eta bestetik irudien bitartez kontatzen dena. Biek bat egiten dute, baina euren bidea egiten dute. Oso gutxitan gertatzen da horrelakorik, baina polita izan da bidea alderantziz egitea ere.  

Bakardadean egiteko lantzat hartu dira idaztea eta margotzea.
M. Amenabar: Nire ustez, konpartitzea da bide bakarra. Sare eroso horiek eraikitzea garrantzitsua da.
M. Amuriza: Idazleen kasuan, nire adin bueltan, eta batez ere emakumeen artean, bagabiltza horri buruz gogoeta egiten, idazle kanonikoaren irudi horri buruz, inspirazio txinparta horri itxaroten dabilena, ia dibinoa den izaki hori. Inspirazioa ez da existitzen, beharra da. Guk berba egiten dugu, elkarren berri dugu, eta proiektu horiei buruz ekarpenak egin ditzakegu. 

Zer ikusi daiteke erakusketan?
M. Amuriza: Aurkezpenari izena ipini diogu: Nola ez egin album ilustratu bat (barrez). Prozesuan, akats deitzen diegun horietatik izandako irakaspenak azaltzen ditugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!