Osasun arreta publikoak iaz izandako bilakaera aztertu eta gero, aurtengo zerumuga antzerakoa izango dela uste dute Durangaldeko pentsiodunek. Egoera "onartezina" eta "kaotikoa" dela diote, eta gertaturikoen zerrenda bat aletu dute prentsaurrean: "Gure herrietan ez da medikurik egoten batzuetan; Gabonetan medikuak falta izan dira Berrizen eta Zaldibarren; Durangoko eta Zornotzako Etengabeko Arreta Guneak zarratuta egon dira batzuetan; kontsulta bat egiterakoan, erizainak ipintzen dituzte mediku lanetan; pazienteek 48 ordu igarota jasotzen dute medikuarekin egoteko hitzorduaren berri, eta kontsulten %45 telefonoz egiten dira". Osasun sistema publikoa "etengabe hondatzen" dabilela eta, otsailaren 1ean kalera irtengo dute protestan. Durangaldeko pentsiodunek Bilboko manifestaziora joatera deitu dituzte herritarrak. Mobilizazioak 12:00etan irtengo du Jesusen Bihotzetik.
Era berean, iaz eskualdeko hainbat udaletan aurkezturiko mozioak aipatu dituzte. Jakinarazi dutenez, Durangon, Zaldibarren, Elorrion, Izurtzan, Atxondon eta Iurretan aurrera egin zuten eskariek. Aldiz, ezezkoa gailendu zen Zornotzan, eta ez dute mozioak Berrizen, Abadiñon, Mañarian eta Garain aurkeztea baztertu. Osasungintza publikoa berma zedila eskatu zuten adierazpenetan.
Durangaldeko pentsiodunek azaldu dutenez, iazko uda hasieran, Osakidetzak "murrizketak" egitea erabaki zuen 339 zentrotatik 126tan. Zehaztu dutenez, murrizketak urteko 180 egunetan egin ziren: "Asistentzia orduak itxi edo gutxitu ziren. Horren ondorioa izan ziren nahasmena eta arreta okertzea", esan dute.