"Uste dut Izurtzako azken aguazila izan naizela"

Aitziber Basauri 2025ko urt. 19a, 11:50

Izurtzako aguazil lez, askotariko lanak egitea egokitu zaio Juan Mari Murgoitiori (Durango, 1959); beti kalean, herritarrekin hartu-emanetan. "Gurago dut kalean hotza pasatu bulegoan sartuta egon baino", dio. Izurtzan hazi eta lan egin ondoren, orain Mañarian bizi da.

Aguazila ala udaltzaina?
Aguazila. Bonbatxoak ipinita irteten nintzen kalera, trajerik barik. Deneriko lanak egitea tokatu zait, gainera. Lurperaketez arduratu naiz, eta ur-zerbitzuaren ordainagiriak kobratzen nituen, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzuaren ardura hartu zuen arte. Ura garbi egotea zaindu behar nuen, eta izan zitezkeen matxurak konpondu. Denean zaindu behar zen garbitasuna. Bide eta bide bazterrak garbitzea nire lanaren zati zen, eta, bake epaitegira helduriko jakinarazpen edo abisuak banatzea ere bai. 

Isunak ipintzea tokatu zaizu?
Ez, hori ez! (barrez).

Aguazil gutxi dago gaur egun.
Bai. Uste dut neu izan naizela azkena Izurtzan. Garai bateko figura da aguazilarena. Egun osoko lana zen nirea, 24 ordukoa. Mugikorrik ez zegoen garaian, pertsona-bilagailu bategaz deitzen zidaten udaletxetik.

Urteotan asko aldatu da zure lana?
Bai. Sasoi batean, baserriren batera uraren ordainagiria kobratzera joaterakoan, etxe barruraino sartzera gonbidatzen zintuzten. Horrelako detaile txikietan igartzen da aldaketa. Konfiantza maila handiagoa zen, gehiago ezagutzen genuen elkar. Baina leku denetan igarriko da hori. Gizartea aldatu egin da.

Maitatua sentitu zara?
Bai. Urte asko izan dira, gainera. Adinekoei enkarguak egin dizkiet, farmaziatik botikaren bat ekarri, adibidez. Eta inori bisitak ere egin dizkiot, bakarrik bizi dela jakinda. Nire lanaren zati lez hartu ditut horrelakoak. Herri txikietan dena jakiten da. 

Baduzu anekdotarik gogoan?
Behin, udaleko autoa lapurtu zidaten. Giltzak ipinita utzi nituen. Orduan alkate zen Juan Mari Alberdik ibilgailua ikusi zuen, eta atzetik joan zen. Lapurra konturatu zen kotxe bat zuela atzetik. Ba, gelditu, giltzak bota eta ihes egin zuen. Konturatu ere ez nintzen egin, alkateak esan zidan arte. Oizen hegazkin istripua izan zen eguna ere gogoan dut.

Herriko lurperatzailea ere izan zara. Zelako lana da?
Gogorra. Askotan ezaguna izan da hildakoa, eta senitartekoak. Alde horretatik da gogorra. Ofizio desberdin bi dira, baina bateratu egin ziren. Herri txiki batean lurperatzaileak ez du lan askorik izaten, baina lan hori egin beharra dago. Kanposantua zaintzeaz ere arduratzen nintzen. Lehenengo lurperatzea lurrean egin nuen. Gainera, ilundu egin zitzaidan eta argirik barik amaitu nuen lana. Gainerakoak panteoian lurperatu ditut. 

Herriko jaiak dira lanik gehien eskatzen duten egunak?
Bai. Musika ekipoak eta eszenatokiak muntatu eta desmuntau behar dira. Askotan lehenengoa izaten nintzen heltzen, eta azkena alde egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!