'Txalopin Txalo': umeentzako kantu-liburu berria, Durangaldeko ahozko ondarea ardatz

Anboto 2025ko urt. 10a, 10:42

Mankomunitateak proiektu berri bat sortu du umeen artean euskararen transmisioa sustatzeko: 'Txalopin Txalo' kantu-liburua. Argitalpenean, Durangaldeko adineko hamar herritarren ahozko ondarea jaso dute; lo-kantak, familian jolasteko kantak, urte sasoi jakin batzuetako kantak eta hainbat kopla batu dute. Liburuaren aurkezpena gaur egingo dute, Mañarian, 17:30ean, jubilatuen elkartean. Egitasmoa Berbarok dinamizatu, Labayruk ekoitzi eta Eroskik finantzatu dute.

Herri tradizioan ume txikiekin jolasteko edota kantatzeko ohikoak izan diren abestiak batzen ditu Txalopin txalok. Lan honen helburua ahozko ondarea berreskuratzea eta transmititzea da, Durangaldekoa batez ere. Horretarako, edadeko herritarrengana jo dute, bideo-grabazioz gaur egun bizirik dirauten kantuak jasotzeko. Durangaldeko adineko 10 pertsonen testigantzetatik jaio da proiektua: Abadiñoko, Berrizko, Atxondoko, Elorrioko eta Iurretako herritarren testigantzetatik. Belaunaldiz belaunaldi, etxean ikasitako kantuak dira, orain, eskualdeko ume guztientzat eskuragarri daudenak. Bost genero batu dituzte argitalpenean: ume txiki-txikientzako lo-kantak, familian jolastekoak, urte sasoi jakin batzuetako ospakizunetan abestekoak, koplak eta kantak, besteak beste. Kantuen letrak partituraz lagunduta daude, baina kasu askotan, soinu bat proposatu arren, koplak eta bertsoak beste melodia batzuekin ere abestu daitezke.

Bestalde, kantu-liburua osatze aldera, partiturak eta gaztelerazko azalpen laburrak ere jaso dituzte liburuan. Bigarren honekin, euskaraz ez dakiten gurasoek ere liburuxka erabiltzea erraztu gura dute. Berbarok dinamizatu du proiektua Mankomunitatearentzat, eta Labayru Fundazioak egin du kantu-liburuaren ekoizpen lana. Proiektua Eroskik finantziatu du.

Arestian esan bezala, liburuaren lehendabiziko aurkezpena gaur egingo dute Mañarian, 17:30ean, jubilatuen elkartean. Alabaina, aurrerantzean aurkezpen gehiago egingo dutela iragarri du Berbarok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!