Elektronika eta gitarrak Bihotzen 'Ametsak'-en

Anboto 2025ko urt. 10a, 11:00

'Bihotz', Ateneoko aurkezpenean.

Jokin Alonso elorriarra dago 'Bihotz' proiektuaren atzean; azaroan kaleratu du 'Ametsak' aurkezpen lana, eta orain zuzenean aurkezten dabil; gaur Durangoko Rugby tabernan kontzertua emango du, Durangaldeko Nekktar taldeagaz batera. 

Musika sortzeko eta garatzeko bide berriak probatu guran ekin zion Jokin Alonso elorriarrak 2023ko urrian Bihotz proiektuari; hamar hilabeteko lan gogorraren ondoren, iazko azaroan zortzi kantako Ametsak diskoa kaleratu zuen. "Beste formatu eta genero batzuetako taldeetan aritu naizen arren, oraingoan modu berriak jorratu gura izan ditut. Musika generoak nahastu eta elektronika zaporea duten baseekin batera gitarra elektriko eta ahots melodikoak bildu gura izan ditut", argitu du Alonsok. Hain zuzen ere, bere kasa egin ditu konposizio lanak, eta baita ekoizle eta nahasketa lanak ere. "Badakit estudio profesional batean edo audio ingeniari batek hobeto egingo zuela, baina oso pozik nago bide honetan jaso eta ikasi dudan guztiagaz", esan du.

Abenduan lagun artean eman zuen lehenengo kontzertua Ateneon. "Lagun eta familiako kide artean proiektua aurkeztea gauza berezia eta intimoa izan zen. Erronka handia da zuzenean, kantak bakarka eta horien atzean dagoen guztia defendatzea, baina guztiz pozgarria modu berean", gaineratu du.

Gaur, barikua, Bihotzek kontzertua emango du Nekktar taldeagaz batera, Durangoko Rugby tabernan; 22:30ean hasiko da. Gerora, Igorren, Gasteizen eta Abadiñon ere emango ditu kontzertuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!