Umetatik sokatirarako grina pizteko proiektua

Joseba Derteano 2024ko abe. 22a, 10:30

Egitasmoko sustatzaileak, Bilbon egindako aurkezpenean. BIZKAIKO EUSKAL JOKO ETA KIROL FEDERAKUNDEA

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak Bizkaiko ikastetxeetan sokatira sustatzeko egitasmoa hasi du. Eskualdean, Abadiño Sokatira Taldeak eta hiru ikastetxek parte hartuko dute: Abadiñoko eta Durangoko institutuek eta Kurutziaga Ikastolak

Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak, Laboral Kutxagaz elkarlanean, Bizkaian Sokatira Landuz proiektuari ekingo dio 2025a hasteagaz batera. Belaunaldi berrien artean sokatira sustatzea eta gazte-gaztetatik kirol honegazko grina piztea dira ekimenaren helburu nagusiak. Nazioartean lehiatzen diren Bizkaiko hiru sokatira talderik inportanteenak proiektuko parte dira: Abadiño Sokatira Taldea, Laukizko Gaztedi eta Erandioko Goiherri. Talde hauetako hainbat ordezkari ikastetxerik ikastetxe ibiliko dira gazteei ikastaro espezializatuak ematen. Durangaldeari dagokionez, egitasmoko lehenengo urtean hiru ikastetxek parte hartuko dute: Abadiñoko institutuak, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuak eta Durangoko Kurutziaga Ikastolak.

Egitasmoa joan zen astean aurkeztu zuten, Bilbon. "Munduan zehar lehiatzen diren sokatira taldeak ditugu Bizkaian, eta oso harro egon gaitezke horretaz. Hala ere, nazioartean lehiatzean konturatu gara beste herrialde batzuetan oso maila handia dutela, eta hori baino garrantzitsuagoa, harrobia dutela. Horregaitik, proiektu honegaz gazteak sokatirara erakarri gura ditugu. Hurbildu daitezela, teknika ulertu eta ikasi dezatela, institutuan praktikatu dezatela, eta, gustuko badute, talderen batera tiratzera batu daitezela", azaldu zuen Juan Miguel Ranero Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioko presidenteak. 

Hiru urteko epealdia
Etorkizunari begiratzen dion proiektua da, datozen hiru ikasturteetarako —2024/2025, 2025/2026 eta 2026/2027— konpromisoa duena. Baina haratago doa, epe luzerako helburua tiralari berriak erakartzea baita, sokatirako Bizkaiko selekzioa sortu ahal izateko eta 2027an Belgikan jokatuko den nazioarteko GENSB txapelketan parte hartu ahal izateko. "Hasieran, neskak eta mutilak goma gaineko sokatiran prestatzen hasiko gara, eskakizun tekniko gutxiago behar delako, eta apurka-apurka, neska-mutilei gustatzen bazaie, lur gaineko sokatirara hurbildu daitezke. Gure talde bizkaitarrek euren inguruan sokatira sustatzea da premisa nagusia", zehaztu zuen Joseba Etxebarriak, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioko Kirol zuzendariak.

Proiektua garatzeko, Laboral Kutxaren finantziazioa "funtsezkoa" izan dela azpimarratu zuten. Bizkaiko sokatira taldeek —Abadiñok, Gaztedik eta Goiherrik—, ikastetxeetan sokatiran aritzeko beharrezko materiala eta klaseak emango dituzten tiralariak ipiniko dituzte.

Beste toki batzuetara 
Bizkaian sokatira landuz proiektu berria denboran irauteko asmoz sortu dute, eta datozen ikasturteetan ekimena Bizkaiko beste toki batzuetara zabaltzea aurreikusten dute. Esate baterako, Sustabiz Fundazioaren bitartez, 2025erako Gernika-Lumoko ikastetxeetara eramatea, herri kirolak, pilota eta arraunketa sustatzeko. Gainera, lehenengo ikasturtea amaitzean, sokatiraren festa handi bat antolatzea aurreikusten dute, proiektuan parte hartzen duten ikasleek urtean zehar lorturiko trebetasuna erakutsi, lagun artean lehiatu eta belaunaldi berrien artean sokatirarako zaletasuna sortu dezaten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!