Hitzordu bikoitza zirkuzaleentzat

Aritz Maldonado 2024ko abe. 21a, 10:20

'La crisis de la imaginación'. RAUXA CIA.

Domekan, hilak 22, Rauxa konpainiak 'La crisis de la imaginación' lana antzeztuko du, zirku garaikidea, dantza eta txotxongilo surrealistak uztartzen dituen lana; abenduaren 27tik 29ra bitartean, Maluta jaialdia egongo da Durangon. 

Zirkuaren, dantzaren eta objektuen manipulazioaren bitartez, Rauxa konpainiako kideek umeen ameskeria eta abenturazaletasuna helarazi gura dizkiete helduei. Xabi Sanchezek eta Analia Serenellik osatzen dute konpainia, eta eurak dira protagonistak. Elorrioko Arriola aretoan egingo dute ikuskizuna, domekan, 17:00etan. Sanchezek eta Serenellik 2018an ipini zuten martxan Rauxa konpainia katalana, bizitzaz duten ikuspegi tragikomiko eta poetikoa azaltzeko asmoz. Urteotan bost lan sortu dituzte eta emanaldi ugari egin dute Europan zehar. 

Malutaren zazpigarrena
Azken urteetako Gabonetan lez, Durangoko San Agustin kulturgunea zirku karpa bihurtuko da beste urte batez; izan ere, Maluta Eguberri Zirkua egingo da, zazpigarren urtez; aurtengoa abenduaren 27tik 29ra bitartean egingo dute. "Ezinezko trebetasunen, birtuosismoaren eta poesiaren erakustaldi laburrak izango dira. Eszenatokian, sarerik barik, lehoirik barik, baina talentuz gainezka", esan dute Ganso&Cia konpainiakoek. Aurten, Gaia Panero (Italia), Gonzalo Albiñana (Gaztela-mantxa), Non sin tri (Madril-Katalunia), Miguel Gigosos (Gaztela eta Leon) eta Zirkozaurre (Euskal Herria) artistek parte hartuko dute. Oraindino sarrera gutxi batzuk geratzen direla nabarmendu dute antolatzaileek.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!