Aurrekontuak adosteko "borondaterik ez erakustea" egotzi dio EAJk EH Bilduri

Anboto 2024ko abe. 16a, 12:28

Mankomunitateko EAJko ordezkariak Astolako Etxean.

Jeltzaleek aurreratu dute ez dituztela aurrekontuak babestuko. Bestalde, Mankomunitatea kudeatzeko eta gobernatzeko modua "ez da onargarria" EAJren esanetan, eta "jarrera aldatzeko" eskatu dio EH Bilduri. 

Mankomunitateko aurrekontuak eztabaida iturri izaten dabiltza egunotan. Duela egun batzuk, EAJk bederatzi proposamen egin zizkion gobernu taldeari, EH Bilduri, aurrekontuak adoste aldera. Ideien artean, "eskualdeko herritarren bizi-kalitatea, bereziki, zaurgarriena hobetzeko ekimenak indartzea; ingurumenaren zaintzan urrats berriak egitea"; "Elkartegiaren erosketa bideratzea" eta "baliabideen erabilera arduratsua zaintzea" zeuden. Alabaina, jeltzaleen esanetan, gobernu taldeak ez du "adostasuna lortzeko inolako borondaterik erakutsi". Horrez gainera, EAJk dio aurrekontuetan "ez duela ideia berririk ikusi, ez duela eragingarritasunatik sumatu , ez eta, Durangaldeko herritarren beharrei egokitasunez erantzun ahal izateko, lan molde eta lankidetzarako borondaterik ere". Hori guztia dela eta, aurrekontuez eztabaidatzeko osoko bilkuraren atarian, beren posizioa argitu dute jeltzaleek: ez dituzte aurrekontuak babestuko. Bestalde, Mankomunitatea kudeatzeko eta gobernatzeko modua "ez da onargarria" EAJren esanetan, eta "jarrera aldatzeko" eskatu dio EH Bilduri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!