Mankomunitateko ordezkariek laster eztabaidatuko dituzte datorren urteko aurrekontuak: 9.651.550 euro zelan banatu erabakiko dute. Momentuz, talde bakoitzak, bere proposamen politikoa aurkeztu du. Gobernu taldeak, adibidez, "arlo soziala indartzea" izango du lehentasun. Idoia Otaduy presidenteak azaldu duenez, aurten baino 500.000 euro gehiago bideratu gura dituzte politika sozialetara. 5,68 milioi guztira, aurrekontu osoaren %59. Hondakinen bilketari dagokionez, zerbitzuaren finantzaketa aztertzea dute helburu, baita gaikako bilketa bultzatzea eta dimentsio handiko hondakinen bilketa hobetzen saiatzea ere. Gobernu taldearen beste asmoetariko bat zerbitzuak Durangoko Elkartegian zentralizatzea da. Herritarrenganako arreta hobetu gura dute irizpide horrekin. Otaduyk jakinarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin negoziatzen dabiltza, eraikina erosi eta erosketa hori amaitu ahal izateko.
Bestalde, EAJk bederatzi zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduri, "aurrekontuak hobetzeko asmoz". Proposamenetako bat nagusien bakardadeari aurre egiteko neurriak hartzea da. Horretarako, Durangaldeko bost udalerritan eguneko arreta-zerbitzuak ipintzea proposatu dute: Abadiñon, Berrizen, Iurretan, Durangon eta Elorrion. Ingurumenari dagokionez, herritarren kontzientzian eragiteko neurriak eta klima-aldaketara egokitzeko plana sortzea proposatu du EAJk. Hori guztia bestelako herri erakundeekin lantzera deitu dute. Era berean, eskualdeko ekintzailetza sustatze aldera, Durangoko merkatu plazan Behargintzako ekintzaileentzako eremu bat ipintzea proposatu dute, "ekintzaileek proiektuak garatzeko aukera izan dezaten". Bukatzeko, jeltzaleek EH Bilduren mahai gainean ipini dituzten bestelako ideien artean, pornografiaren kontsumoari prebentzioz erantzuteko neurriak, Elkartegia erostea eta hondakinen bilketari buruzko azterlana egitea daude. EAJk aurrekontuak adosteko "eskaintza zintzoa" egin dio EH Bilduri, "egungo eta etorkizuneko erronkei lankidetzaren bidetik" aurre egiteko.