Mendian dabiltzan ardiek geroago eta eraso gehiago jasaten dute txakurrengandik Bizkaian. EHNE sindikatuko Alberto Llonaren berbetan, geroago eta baserritar gehiago joan zaie euren animaliei eraso egin dietelako kexuka. "Herriguneetako txakur gehiago joaten da orain landa eremuetara, eta arduratuta gaude", azaldu zuten.
Durangaldea ez da salbuespena. "Aurten bosgarren aldia da inoren txakurrek gure ardiak zauritu edo hil dituztena gurean. Azken hiru erasoak hile eta erdian gertatu dira", kexatu da eskualdeko baserritar bat. "Arazo horri era baketsuan aurre egiten ahalegindu garen arren, badirudi ez dela nahikoa", gaineratu du. Horrelako egoeren aurrean, txakurren jabeek "askotan" erakutsitako "utzikeria" harriduraz hartu duela azpimarratu du. "Guri sekulako egonezina eragiten digu horrek. Imajinatu 89 urte dituen amona, erratz zahar bat eskuan, ardi baten sama txakurraren hortzetatik askatzeko. Azken urteotan bost bider bizi behar izan dugu horrelakoren bat!", esan du.
Llonak dio arazoak ez duela konponbide erraza: "Txakurraren jabea eta kaltetua ados jarriz gero, aseguruagaz konpontzen da arazoa. Hala ere, txakur bategaz goazenean non gauden jakin behar dugu, eta egoeraren arabera zeintzuk neurri hartu. Txakurrak heztea ezinbestekoa da, baina horien jabeek egoeraz jabetu behar dute".