Gabonetako sariak zozkatuko dituzte Durangaldeko elikagaiak erosten dituztenen artean

Anboto 2024ko abe. 11a, 11:39

Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak eskualdeko elikagaien erosketa sustatzeko egitasmo bi ipini ditu martxan: Batetik, Durangoko merkatu plazako erosleek 100 euroko otzara baten zozketan parte hartuko dute astero. Bestetik, furgoneta batek eskualdeko produktuak salduko ditu herririk herri. Azken honetako erosleek ere otzara baten zozketan parte hartuko dute.

Durangoko merkatu plazako erosleen zozketa urtea amaitu arte egingo da zapatuero-zapatuero. Furgonetak Durangaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu Hau ahokada! lemapean, garai bateko saltzaile ibiltarien modura, baserriko produktuak herritarrengana hurreratuta. Biek ala biek tokiko produktuen salmenta sustatu gura dute, herritarrak merkatura joatera bultzatuta eta tokiko produktuen inguruko aurreiritziei erantzun guran, "hala nola prezio altuen pertzepzioari edo irisgarritasun faltari".  

Ekintzokin, kontsumo arduratsua eta jasangarria eskuragarria eta onuragarria izan daitekeela erakutsi gura du Landa Garapenak, aldi berean tokiko ekoizleei laguntza emanez eta eskualdeko ekonomia indartuz.

Furgonetak honako herri hauek bisitatuko ditu leku eta ordutegi hauetan:

  • Abenduaren 11, eguaztena: 09:00 - 13:00 Abadiño (Traña-Matiena).
  • Abenduaren 12a, eguena: 16:00 - 20:00 Durango (Andra Mari).
  • Abenduaren 13a, barikua: 09:00 - 13:00 Elorrio (Herriko plazako aparkalekua)

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!