Geu Bek pertsonen gaitasunak askotarikoak direla aldarrikatu du Durangon

Ekaitz Herrera 2024ko abe. 3a, 20:12

Gaur, abenduak 3, aniztasun funtzionala duten herritarren eguna da. Geu Beko kideak Andra Marian batu dira ospakizun txiki bat egin eta aldarrikapena kaleratzeko. 

Gaurkoa data seinalatua da Geu Be elkarteko kideentzat. Ospakizunez eta aldarrikapenez betea. Elkarteko kideak Andra Mariko elizpean batu dira herritarren gaitasunak askotarikoak, anitzak, direla aldarrikatzeko. Ondotxo dakite hori, elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza-eta, eskualdea sentsibilizatzen eta elkarteko kideei aisialdirako tartea eskaintzen.

Arratsalde honetan, dena egin dute gozo, ohikoa duten eran. Eta euria ez dute efemeridea ospatzeko oztopo izan. Ez, ez. Saltsan katerin etxeko kideen laguntzagaz, txokolate beroa banatu dute herritarren artean, eta umeentzako hainbat tailer egin dituzte: txapak egitekoa, aurpegiak margotzekoa, gabonetako apaingarriak egitekoa eta marrazkigintza tailerra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!