Geu Be elkarteak hogei urte baino gehiago daramatza eskualdeko herrietan aniztasun funtzionala dutenen alde egiten. Denbora honetan zehar, elkarteak makina bat lan egin du behar bereziak dituzten herritarrei aisialdia eta ikusgarritasuna eskainita. Instituzioen aurrean ere ez dute nolanahiko kokalekua, Durangaldeko erakunde publikoek urteak daramatzate-eta elkartearen lana aitortzen eta laguntzen. Izan ere, dela Intxaurrondoko egoitza, dela Traña-Matienako jaietako txahala, dela Durangoko txosnagunea edo dela Saloura egindako bidaia, elkarteko kideek argi daukate ikusgarritasuna gizarteko alor bakoitzean borrokatu beharreko zerbait dela. Eta biharkoan ere, horrexen alde irtengo dute kalera. Andra Mariko elizpera irtengo dute durangarrekin batera Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna ospatzera. 18:00etatik aurrera, txokolatea banatuko dute. Horretarako, Saltsaneko kideak izango dituzte laguntzen. Era berean, umeentzako hainbat tailer egingo dute: txapa tailerra, marrazkigintza, aurpegia margotzeko tailerra eta gabonetako apaingarrien tailerra. Elkarteak herritar guztiak deitu ditu aniztasun funtzionala haiekin batera aldarrikatzera.