[ARGAZKI GALERIA]: "Kasualitatea izan da guk biok Etiopian bat egitea"

Ekaitz Herrera 2024ko aza. 26a, 09:25

Irati Ruiz de Azua eta Ane Renedo, Etiopian. ANE RENEDO

Irati Ruiz de Azua durangarrak eta Ane Renedo berriztarrak hiru hilabeteko egonaldia egin dute Etiopiako Zway hirian, garapenerako programa batean boluntario. Irati Ruiz de Azua erizaina da ogibidez, eta desnutrizio programa batean parte hartu du sei hilabetetik sei urtera arteko umeekin. Horrez gainera, oromoeraz alfabetatzeko lanetan lagundu die haien gurasoei. Ane Renedo diseinatzaile grafikoa eta hezkuntza artistikoko irakaslea da, baina ingeles irakasle aritu da umeekin, eta diseinuari loturiko formakuntza saioak egin ditu irakasleekin. (Argazkiak: Ane Renedo)

Eta, hara non, Durangaldeko gazte bik boluntario lanetan igaro dute uda, non eta Etiopian.
Irati Ruiz de Azua: Eusko Jaurlaritzaren Gazteaukera programan eman genuen izena, eta zortzi gaztek Etiopia Utopia Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz esku hartu dugu Etiopian. Zortzi gazte horietatik hiruk Addis Abeba hiriburuan egin zuten egonaldia. Gainerako bostek, Zway herrian. Ane eta biok azken horretan izan gara. 

Hara! Eta elkar ezagutzen zenuten lehenagotik?
Ane Renedo.: Ez! Kasualitatea izan da Durangaldeko gazte bik han bat egitea. 

Zer zeregin izan duzue han?
A.R.: Zeregin desberdinak izan ditugu. Ni, goizetan, umeei ingelesa irakasten ibili naiz. Arratsaldeetan, aisialdi kanpaleku moduko batean egoten ginen eskulanak, saskibaloia eta halakoak erakusten. Horrez gainera, diseinu grafikoari loturiko kontuak landu ditut, eta gai honetan trebatu ditut irakasle batzuk.
I.R.A.: Nik, goizetan, umeak pisatu eta horren araberako elikadura formulak prestatzen nituen. Eta umeen gurasoekin alfabetatze lanak egin nituen, alfabetoa eta idazkera erakutsita. Hori bai, komunikazioa gatxa izan da, nigana etortzen ziren emakumeek ez zekiten-eta ingelesa. Arratsaldeetan, txirula jotzen erakusten genien umeei; musika entzun eta dantza egiten genuen emakumeekin. Azken hauentzat arnasbidea zen tarte hori. 

Zerk bultzatuta erabaki zenuten lankidetza programan izena ematea?
A.R.: Otsailean New Yorketik bueltatu nintzen, han urtebetean lanean egon eta gero. Etxera bueltaturikoan lankidetza programaren berri izan nuen. Ez nuen askorik pentsatu; izena eman nuen. Aukera ona zela ikusi nuen.
I.R.A.: Geu Be elkartean nabil boluntario, eta han izan nuen lankidetza programaren berri. Azken finean, honek guzti honek gazteok sentsibilizatzea du helburu. Horrez gainera, beti izan dut beste leku eta kultura batzuk ezagutzeko grina.

Zer eman dizue esperientzia honek?
A.R.: Gatxa da azaltzen. Behin halako esperientzia bat igarota, zure egunerokotasunari eta ohiturei begira jartzen zara. Jada ez dituzu gauzak berdin ikusten. Zu zeu ere ez zara berdina. Zeure lanari buruz eta jendeagaz dituzun hartu-emanei buruz gogoeta egiten duzu. 
I.R.A.: Zeure begiz ikusten duzu munduko bazter batean ala bestean jaiota dena izateak edo ezer ere ez izateak dakarren injustizia. Esperientzia honek emandakoari buruz galdetzen didatenean, uste dut halako zeozer bizi izan duenak bakarrik ulertu dezakeela esperientziaren beraren ekarpena. Bizipenak ahalik eta ondoen kontatu arren, sekula ere ez naiz aseta geratzen. Hala ere, ondo dago berbekin kontatu ezin dena zeure barruan geratzea. Esperientziak kooperazioari loturiko ikasketak egitea pentsarazi dit.

Halako kooperazio programa batean parte hartzea gomendatuko zeniekete irakurleei?
I.R.A.: Honako hau esango nieke: turismoa egitea baduzu buruan, ez joan; bestelako errealitate bat lekuan bertan ezagutzeko grina hori baduzu, joan, baina kontuan hartu ez zoazela ezer aldatzera, ezta hango pentsamendua aldatzera ere. Zuk handik alde egiterakoan ere, bizitzak han aurrera jarraitzen du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!