Azaroak25

"Badaude indarkeria modu kritikoan planteatzen duten telesailak"

Jone Guenetxea 2024ko aza. 21a, 09:29

Nerabe eta emakume gazteen aurkako indarkeriak telesailetan' berbaldia antolatu zuten Zornotzan, Azaroaren 25eko ekitaldiaren barruan. Skolastikako Josune Muñozen gidaritzapean, hain ezagunak diren telesailetan indarkeria zelan identifikatu landu zuten.

Zein izan da berbaldiaren helburua?
Emakumeen kontrako indarkeriak detektatzeko tresnak ematea izan da helburu nagusia. Tresna horiek telesailen bitartez identifikatu genituen.

Zelan joan zen berbaldia?
Emakume gazteak ere etorri ziren eta poztekoa da hori. Zenbait belaunalditako emakumeen arteko espazioak sortzea oso zaila izaten da, kosta egiten zaigu. Horrela, neska gazteek ikusita zituzten telesailak komentatu zituzten. Hala ere, gehienak andre helduak ziren.

Telesailetan, batzuetan, indarkeria agerikoa da eta erraz identifikatzen dugu, baina beste kasu batzuetan badaude beste indarkeria mota batzuk zailagoak direnak identifikatzen, baina eragin handia dutenak.
Horregaitik, hain zuzen, indarkeria sinbolikoa lantzen hasi ginen. Indarkeria guztien sostengua da, eta gutxien identifikatzen duguna, oso abstraktua delako ideietan eta errepresentazioetan. Baina, iruditan emanez gero, ikusi egiten da.

Telesailetan zeintzuk indarkeria mota identifikatzen dituzu gehienbat?
Indarkeria telesail guztietan agertzen da, gure jendartearen parte delako eta oso hedatuta dagoelako. Baina hiru irizpide hartu genituen. Bata protagonistak emakume edo nerabe gazteak izatea. Bestea orotariko indarkeriak egotea, baina bereziki indarkeria sexuala. Eta hirugarren irizpidea ere garrantzi handikoa zen, autobiografikoa izatea. Benetan gertaturiko istorioetan kokatu gura genuen gaia.

Adibide modura, telesailen bat landu zenuten?
Bai, zerrenda bat banatu genuen. Unorthodox, Creedme eta Podría Destruirte autobiografikoen artean landu genituen. Bestalde, Euphoria, Sex Education eta Por Trece Razones fikziozko telesailetan.

Adibide horietan indarkeria agertzen da, baina gaia lantzeko modu propioa dute, ohiko eredutik kanpokoa.
Izatez, telesail hauetan gaia oso era kritikoan agertzen da. Indarkeria horiek salatzeko sortutako telesailak dira. Gidoian kritika hori planteatzen da.

Telesail askotan emakumeen eta gizonen arteko estereotipo sexistak erreproduzitu egiten dira. Irizpide kritikoa izatea beharrezkoa da.
Betaurreko moreekin horixe gertatzen da. Behin betaurreko horiekin begiratzen hasten zarenean ez dago atzera bueltarik. Horregaitik planteatzen dugu protagonista emakume gazte bat izatea, horrek oihartzun handiagoa izaten duelako. Oraindik nagusi diren mezu horien artean, gutxienez alarma kritiko batzuk piztea da helburua.

Maitasun erromantikoaren mitoa sarritan agertzen da nerabe zein emakume helduentzako telesail eta pelikuletan. Indarkeria lez identifikatuko zenuke?
Bai, mota bitakoa izan daiteke indarkeria. Maila sinbolikoan gertatu daiteke, eta ematen den mezua da emakumeok ez garela benetako subjektuak eta ez garela gure bizitzaren jabeak, eta besteak daude gure bizitzen erdigunean, ez gu geu. Eta indarkeria psikologikoa da etengabe entzutea maitasun desigual horren normatiba osoa. Oraindik ere, behin eta berriro entzuten ditugu maitasunaren inguruko mota horretako mezuak. Gure bizitza ez dagoela beterik bikotekiderik edo seme-alabarik ez badugu, esate baterako. Hori indarkeria sinboliko eta psikologikoa da gutxienez.

Maitasun erromantikoaren mito hori aldatzen dabil ala asko aurreratu dugu?
Oraindik eredu hegemonikoa da, zalantzarik barik. Oraindik alde guztietan mantentzen da. Berbaldian diskurtso kultural baten barruan kokatu dugu. Diskurtso horiek bat etortzen dira telesailetan, musikan, zineman..., baina, egia esan, literaturan bereziki, autobiografietan, komikietan eta telesailetan bestelako ereduak sortzen eta mantentzen ari dira. Hor badago orain arte egon ez den arrakala bat. Baina, zoritxarrez, maitasun eredu hegemonikoa erromantikoa da. Kostatuko zaigu aldatzea. Maitasun eredu horrek indarkeriak eta sistema patriarkala sostengatzen ditu. Oinarrizko arazoa da.

Eredu hegemonikoaren aurrean, sortzaileak gauza ezberdinak eskaintzen dabiltza.
Benetan ikusteko dagoen materialaren zerrenda handia da. Zornotzako berbaldian banatu genuen telesail zerrenda 30ekoa zen. Badaude indarkeria modu kritikoan planteatzen duten telesailak. Nahi izanez gero, topatu daitezke. Baten bat oso ona bada, ahoz aho berehala zabaltzen da. Baina, egia esan, eredu hegemonikoa hedatuago dago.

Neska gazteak inguruan dituzten hezitzaile eta familiei zeintzuk tresna eman ahal zaizkie iritzi kritiko hori bultzatzeko?
Nik batzuetan amestu egiten dut badagoela horren guztiaren inguruan formakuntza emateko prestigio handiko eskola bat, eta momentu bakoitzean beharko zenituzkeen tresnak bertan jasotzen dituzula. Zoritxarrez, gaur egun oraindik borondatezko kontu bat da eta larrialdietan bakarrik erabiltzen da. Guk etengabe ematen ditugu gure formakuntzak plaza guztietan, eta teorizatu eta gero erakutsi egiten dugu. Baina aipatzen duzun espazio hori ez da existitzen. Tresnak egon badaude, ikertu eta teorizatu egin delako. Maila akademikoan eta mugimendu feministaren aldetik lan ikaragarria egin da, baina gero zaila da hori plazetara eramatea eta gurasoei jakinaraztea non dauden eduki teoriko-praktikoak eta horrelako tresnak. Horregaitik da hain garrantzitsua Azaroaren 25a existitzea. Pena egun bakarra izatea. Gero eta luzeagoa da egun horren eragina. Orain hamar urte egun bakarra zen. Gero aste osoa eskaintzen zitzaion eta dagoen behar handiaren aurrean, orain hainbat egitasmo eta ekimen egiten da. Baina urte osoko arazoa da, hilabete bakarrean kokatzeko. Urte osoan landu beharko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!