Mariren Kobak Trailak bigarren aldia egingo du domekan

Anboto 2024ko aza. 20a, 12:24

(Argazkia: Mariren Kobak)

Ibilbidea ezezaguna izango da denentzat proba hasi arte. Iaz Durangaldetik ere ibili ziren. Parte hartzaileen artean Zigor Iturrieta zornotzarra dago.

Mariren Kobak Trailak abentura eta Euskal Herriko mitologia uztartzen ditu eta orientazioak eta planifikazioak pisu handia dute. Aurtengo 20 parte hartzaileak domekan, 07:00etan, irtengo dira Abaltzisketako Larraitz auzoan, Txindokiren magalean, dagoen aparkalekutik.

Ibilbidea ezezaguna izango da azken momentura arte. Ordu laurden bat lehenago antolakuntzak mapa bana emango die parte hartzaileei. Bertan gutxi gorabeherako ibilbide bat azalduko da eta pasa beharreko koba guztiak markatuta ditu. Behin irteera emandakoan parte hartzaileen mugikorrak zigilatuko dira eta bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake, beti ere koba horietatik pasa eta bertan egongo diren egiaztagiri harriak hartu ezkero.

Parte hartzaileen artean Zigor Iturrieta Ruiz (Zornotza, 1974) ultra maratoilaria dago. Euskal Herrian ezaguna da ETBko sukaldaritza programagaitik eta munduko lasterketa askotan parte hartu du: Goierriko Bi Handiak, UTMB, Transgrancanaria, Lavaredo Ultra trail, Cami de Cavalls, Salomon Ultra Pirineu, Hiru Handiak…

Honako hauek dira beste parte hartzaile batzuk: Pablo Angulo Angulo (Getxo, 1980), Uxue Fraile Azpeitia (Donostia, 1974), Iker Karrera Aranburu (Amezketa, 1974) eta Genís Zapater (Matadepera, 1991).

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!