Ganzabal mendi taldeak antolatuta, Lemoatx Trail mendi lasterketaren VIII. edizioa jokatu da gaur eta Durangaldeko korrikalariak izan dira nagusi bertan. 25 kilometroko proba luzean, Aiaramendi taldeko Julen Ozaeta korrikalari durangarrak irabazi du proba mutiletan (2.06.55). Nesketan, lehenengo hiru sailkatuak izan dira Durangaldekoak. Euskalmushing taldeko Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak irabazi du lasterketa (2.33.13), Gaikar taldeko Oihane Unzalu abadiñarrak egin du bigarren (2.38.51), eta Alluitz Taldeko Maitane Arkarazo, Arriaundikoa, sailkatu da hirugarren (2.47.56).
Azkorbebeitia Bizkaiko txapeldun
Lemoatx Trail mendi lasterketa Bizkaiko txapelketa izan da aurten, eta, beraz, Azkorbebeitia da aurtengo Bizkaiko txapelduna nesketan. Mutiletan, Mustafa Mahfoud izan da txapelduna, gaurko hirugarren sailkatua, aurreko biak ez daude-eta Bizkaian federatuta.
Itsasne Urkiaga onena 17 kilometrokoan
25 kilometroko lasterketagaz batera 17 kilometrokoa ere jokatu da, eta bertan Zornotza Mendi Taldeko Itsasne Urkiaga korrikalari zornotzarra izan da bizkorrena nesketan. Bere denbora: 1.48.30. Irati Garcia sailkatu da bigarren (1.55.58), eta Zaloa Álvarez hirugarren (1.59.28).
Mikel Unda, Julen Ozaeta eta Mustafa Mahoud podiumean.
Irati Garcia, Itsasne Urkiaga eta Zaloa Alvarez.