Durangaldeko kausa palestinarraren aldeko talde ezberdinek euren protestak koordinatzea eta elkarlanean hastea erabaki dute, ohar batean jakinarazi dutenez. Elkarlanean egindako lehen ekintza atzo burutu zuten. Horretarako "kapitalismo basatiaren ikur nagusietako bat" aukeratu zuten. McDonald's-en parean batu ziren elkarretaratzea egin eta Israel Gazan egiten ari den "genozidioa" irudikatzeko.
"AEBak dira Israelgo estatuaren aliatu nagusia, eta hura gabe ezin izango litzateke basakeria hau gauzatu. McDonald's-ek beste enpresa askok bezala, beste alde batera begiratu du, eta Israelen duen frankiziak Israelgo armadarekin kolaboratu du argi eta garbi. Nazioarteko boikotak bere interes ekonomikoak mehatxatu arte ez dira hasi kezkatzen, eta orain aurpegia garbitzen eta babes horretatik aldentzen saiatzen ari dira", salatu dute ohar batean.
Horrela, Israelgo estatuari "laguntzen eta normalizatzen" jarraitzen duten enpresa horiek guztiak "boikoteatzera" deitu dute. "Boikota da Europako gizarte zibilak presionatzeko duen baliabide indartsuenetako bat", gehitu dute.
Plataforma honen ustez Europak ere "erantzukizun handia" du. "Hasieratik Israelgo estatua bera babestu du, finantzatuz, armamentua salduz, harekin negozioak eginez eta zapalkuntza- eta indarkeria-egoera normalizatuz. Azken urte honetan, nahiz eta batzuetan Europako gobernuetatik gaitzespen hitzak entzun, errealitatea da Europak, ohi bezala, beste alde batera begiratu duela, bere interes ekonomikoak eta nazioarteko aliantzak lehenetsiz", salatu dute.
Atzo arratsaldeko protesta ekintzako irudia.