"Tokiko hedabideak desagertzen diren lekuetan eskuin muturrak lurzatia irabazten du"

Jone Guenetxea 2024ko aza. 15a, 08:30

Iban Arantzabal. TOKIKOM

ANBOTOk profesionaltasunera emandako jauziagaz zerikusi handia izan du Tokikomek. Iban Arantzabal tokiko euskarazko hedabideen bateraguneko presidentea da, baita Goienako zuzendaria ere.

ANBOTOk 1.000. alea kaleratu du. Zer datorkizue burura?
Ezin nezake burutik kendu beste mila zenbakitan ere jardun beharko duela. Galderari erantzuten diot Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi dituen honetan. Hedabideak eta demokrazia lotuta daude eta bistakoa da tokiko hedabideak desagertzen diren lekuetan eskuin muturrak lurzatia irabazten duela. Kazetaritzarik ez dagoenean komunikazio-propaganda gailentzen da eta lekuan bertan egiten den kazetaritza oso inportantea da demokraziarako: gertukoena delako, komunitate baten parte delako, sinesgarria delako eta zintzotasuna duelako oinarri. Burura datorkidana da lan handia duela ANBOTOk egiteko, eta Durangaldeak behar duela ANBOTO.

Euskal hedabideen ekosistema zein egoeratan dago momentu honetan?
Beti gehiago nahi. Ez honetan dihardugunok aberasteko, edo hegoak zeruratzeko, edo beste barik handiago izateko. Ez, gure egitekoetan eraginkorragoak izan behar dugu, eta jende gehiagorengana heldu kazetaritza produktu kalitatezkoekin.

Diru laguntzen ereduan aldaketak datoz. Zein balorazio egiten duzue?
Eusko Jaurlaritzako eta Aldundietako diru laguntza eredua goitik behera aldatu da, bai. Eta aldaketa hau administrazioek eta sektoreko euskal hedabideek batera egin dugu. Horrek garrantzi handia du eta sistema bera adostua da. Eskertzea dagokigu administrazioetatik egin den ahalegina. Eredu berrian kudeaketak eta kazetaritza kalitateak hartu dute pisua, eta norabide egokia dela uste dut, gure hedabideak gizartean onartuak eta irakurri-ikus-entzunak izan daitezen.

Gaur egungo hedabideen testuinguruan zelan daude posizionatuta tokiko hedabideak?
Gertutasuna urrea da; ez gutxiren eskuetan dagoelako, desiratua delako baizik. Anbotozaleek gertuan duten horren berri jakin nahi dute, eta kazetaritza irizpidez kontatzea. Horregatik du ANBOTOk audientzia handia. Kazetaria irakurleen lagunago izan behar da; ez horrenbeste elkarrizketatuaren lagun. Badaude hedabideak ildo jakinetatik informatzen dutenak edo lagunen lagunak. Tokikoak, aldiz, denendako urre izatea du helburu; aberastasuna banatzea ona den legetxe informazioa ahalik eta etxe gehienetara heldu behar da. ANBOTOren kasuan, euskaraz eta euskaratik jardunda.

Tokiko hedabideek zein ekarpen egiten die gizarteari?
Mundu ikuskera bat helarazten du tokiko hedabideak: gertukoa, zabala, ikuspuntu askotarikoa, kohesionatzailea, ideologia demokratiko denak kabitzen direna, eta Tokikomekoen kasuan Euskal Herria duena lan esparru. Gu euskal izatearen partetxo bat gara, beste hainbat diren eran, euskal sortzaileak kasu. Gure aletxoa jartzen dugu kalitatez jardunez. Eta ez duguna egiten da irakurleari zer pentsatu behar duen esan. Zergatik? ANBOTOren irakurlea argia delako eta iritzi kritikoz jokatzen badakielako. Tokikoaren lana irakurketa-tresnak ematea da: testuingurua, sinesgarriak diren datuak, kontrastea… Eta baita askotariko iritziak ere kolaboratzaileen bidez. Hartzailearen esku norbere iritzia egituratzea eta egien bilaketak.

Zeintzuk dira momentu honetan hedabideek dituzten erronkak? Eta tokiko hedabideenak zeintzuk dira?
Lurralde mugatuan lan egiten dugu. Uste dugu gure bezeroa ondo ezagutzen dugula eta ez da guztiz gezurra. Hala ere, Anbotokide bakoitza hobeto ezagutzea da gakoa. Hedabide handi guztiak ari dira horretan eta tokikook sartuta gaude lan egiteko molde berrian. Zertarako? Zerbitzu hobea emateko, pertsonalizatuagoa. Eta zein da gure konpromisoa? Zintzotasuna. Datuak kudeatuko ditugu, baina ez edozein modutan. Legeak betez bai, eta baita pribatutasunean harantzago joanez ere. Zintzo. Hortxe erronka eta konpromisoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!