"ANBOTOk eskualdeko informazino beharretara egokitzen jakin du"

Anboto 2024ko aza. 15a, 08:30

Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak ondo baino hobeto ezagutzen du Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideen egoera.

ANBOTOk 1.000 ale egin ditu. Zelan baloratzen duzu ANBOTOren ibilbidea?
Ibilbide oparoa da ANBOTOrena. Aberasgarria bai eskualdearentzat, bai barruko langile-taldearentzat. Batetik, ANBOTOk urte honeetan zehar jakin izan dau egokitzen eskualdeak informazino-beharrak dirala-ta dituan beharrizanetara, holango egokitzapenak eginda. Bestetik, nabarmentzekoa da ANBOTO kalera ateratzeko egunero lanean diharduten pertsonek egindako ahalegina, arestian aipatutako aldaketa horreei guztiei behar dan lez erantzuteko egin behar izan dituan aldaketak egin dabezelako aldizkariaren barruan: izaera juridikoa aldatu, kudeaketa aurreratuan hasi eta ibilbide hori sendotu eta finkatu…

Bizkaiko tokiko hedabideak hazten dabiltza apurka-apurka. Zeintzuk dira indarguneak? Eta ahulguneak?
Ahulguneak aipatuko dodaz lehenengo, modu positiboan amaitzearren. Ahulgune da hedabide batzuen egitura bera, egitura horrek ez dau laguntan hedabideen profesionaltasunean. Beste ahulgune bat sektoreak berak dituan edo izan leikezan zalantzak dira, ez bakarrik Euskal Herrikoak ezpada mundu osokoak: hornigaien garestitzea, pertsonek informazinoa jasotzeko daukiezan ohiturak aldatzea, eta gurean, bereziki, euskarazko kontsumoak dituan zailtasunak. Ahulguneotako batzuk, baina, indargune bihurtu ditue gure hedabideetako batzuek, ANBOTOk berbarako, argi izanda merkatuan eta gizartean zer dagoan, zeri egin behar deutsen aurre eta euren egiturak zein lan egiteko moduak horretara egokituz. Sano modu profesionalean. Eta hain modu profesionalean ez diharduten hedabideen artean be indargune izan leiteke argi izatea zer gura daben, argi izatea txikira edo handira jokatu gura daben. Eta txikira jokatu gura badabe, euren lana horretara egokitzea. Handira jokatzen dabenek Bizkaian dagoaneko egin daben/dozuen lez.

Indargune be bada hedabideok erakundeen aldetik daukien laguntza. Era berean, sinergiak inportanteak dira, eta inportantea da komunikabide handiagoakaz eskutik joatea, alkarreri lagunduz, irakurle-entzule-kontsumitzaileak hobeto informatuta izateko, eta eragile guztiak eroso sentiarazoten dauazan markoa zehaztea.

Diru laguntza eredu berriak lagunduko du aurrerapausoak ematen?
Hori da asmo argia behintzat, aurrerapausoak emotea. Horretarako adostu dira hainbat alderdi hedabideekaz eurekaz, eta kontrasteak be egin dira. Hau da, eredu adostua da guztiontzat barria dan eredu hau, eta guztioi zertan egokitu eta ikasi eskatuko deusku. Aldaketa izango da hedabideentzat, euren kudeaketaz gogoeta eskatuko deutse, baina aldaketa izango da erakundeentzat be, goitik behera iraultzen daualako diru laguntzen orain arteko eredua. Hori bai, eredu barriak ezin ditu atzean itxi txikira jokatu gura daben hedabideak, haiek be erakundeon zein gizartearen errespetua, babesa eta aitortza behar dabe. Halanda be, BFAren ikuspuntutik, gure gizartearen ikuspuntutik, komunikabide sendoak eta autonomoak gurako geunkez, hau da, euren burua sustengatzeko gai diren komunikabideak. Etorriko jakezan erronkai aurre egiteko gai izango diranak: teknologikoak, langileai lotutakoak… Euren ingurunean txertatuago egongo diranak eta, halan, alkar elikatzeko modua izango dabenak.

Urtebete baino gehiago daramazu karguan. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzan zeintzuk dira legegintzaldi honetarako ildo nagusiak?
Helburu nagusia Bizkaia euskaldunago bat izatea da. Euskara presente egotea gizarte-harremanen eremu guztietan: hedabideak, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, kultura eta kirola, gazteak, teknologia barriak, etorri barriak, familia transmisinoa… eta, era berean, hizkuntza-eskubideen zaintza. Bada, horretarako guztirako, batetik, Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Plana diseinatu eta martxan jarri dogu Foru Aldundian, foru-langileen inplikazinoagaz. Bestetik, hizkuntza-plangintza eta -normalizazinoa bultzatuko dogu foru-sektore publikoan (enpresetan zein foru-erakundeetan). Ganera, Bizkaiko udalen kasuan, udal-eremuan euskararen erabilera sustatzen laguntzen jarraituko dogu. Bizkaiera jagoteak be aparteko garrantzia dauka gure zereginean. Horretarako, erakunde publikoen, pribatuen nahiz herritarren arteko alkarlanean sinisten dogu eta balioan jarri behar leiteke egiten dan guztia. Gure eraikinak ezagutzera emoteak be aparteko garrantzia izango dau euskararen sustapenean ekiteko. Besteak beste, esan beharra dago iaz erabarritu zan Euskararen Etxean Euskararen Interpretazio Zentroa daukagula, eta gurako geunke zentro hori erreferente izatea Europako gainerako hizkuntza gutxituentzat. Horren harira, kasurako, EHUn irailean hasi eta lurralde osoan zehar ibiliko dan erakusketa ibiltari bat antolatu dogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!