Kamera eskuan duzuela, asteburu askotan argazkiak ateratzen ibiltzen zarete anboto.org atarirako. Zuentzat zer suposatzen du horrek?
Lucia Meruelo: Ikasteko eta nire buruari erronka bat ipintzeko modu bat da. Gainera, ANBOTOn hasi naizenetik jaso dudan feedbacka oso ona da eta horrek bete egiten nau.
Unai Olaso: Jendeak asko eskertzen du argazkiak edukitzea, eta, batez ere, argazki politak izatea. Ez da bakarrik momentua harrapatzea. Niretzat horixe da erronka, argazki politak ateratzea. Gainera, ANBOTOn argazkilari lez arituko ez banintz, leku askotara ez nintzateke joango: herrietako txupinazoetara, herri bazkarietara, lasterketetara... ANBOTOri eskerrak une bereziak bizi izan ditut.
Baduzue une berezirik gogoan?
U.O.: Unerik biziena oraintsu bizi izan dut. Durangoko jaietan, nire herriko jaietan, txupinazoan udaletxeko balkoian egoteko aukera izan nuen. Niretzat oso berezia izan zen, asko gustatu zitzaidan.
L.M.: Nik ere une polit bat bizi izan dut Durangoko aurtengo jaietan. Gazte bazkarira argazkiak ateratzera joan nintzen; taldetxo bati ea ANBOTOrako argazki bat atera niezaiekeen galdetu nien eta euren erantzuna izugarria izan zen. Ilusio ikaragarria egin zien eta neu ere poztu nintzen eurek horrela ikusita.
Zeintzuk dira zuen ekitaldirik gustukoenak argazkiak ateratzeko?
U.O.: Niri asko gustazen zait jai giroa, jendea oso prest egoten delako beti argazkian agertzeko. Txupinazoak, mozorro desfileak... bereziak izaten dira, baina gustukoen gazte bazkariak ditut.
L.M.: Kirol probak eta dantza saioak ditut gogoko, normalean argazki politak irteten direlako. Gainera, protagonistek asko eskertzen dituzte argazkiak.
Baduzu anekdota berezirik?
L.M.: Behin Otxandiora joan behar izan nuen ekitaldi bat kubritzera. Etxetik irteterakoan txirrindulari lasterketa batek harrapatu ninduen eta zain egon behar izan nuen. Otxandiora heldu, han ezer aurkitu ez, jendeari galdetu, eta ekitaldia amaitu egin zela esan zidaten. Argazkirik barik bueltatu nintzen etxera.
Zer mezu emango zenieke irakurleei ANBOTOren moduko tokiko hedabideak babestearen garrantziaz?
L.M.: Gertuko notizien berri euskaraz informatzeko tokikoak ezinbestekoak direla. Gainera, niri interesgarri egiten zait gure hizkeran, euskara bertakotu horretan, irakurtzeko aukera izatea. Nire ustez, ezinbestekoa da tokikoak babestea.
U.O.: Luciagaz bat nator, nire ustez ere tokikoak beharrezkoak dira. Eta egiten duzuen lanagaitik eskerrak eman gura dizkizuet, baita guri aukera emateagaitik ere.