"ANBOTO euskara normalizatzeko ezinbesteko tresna da"

Anboto 2024ko aza. 15a, 08:30

Idurre Maortua Aiartzaguena zaldibartarra ANBOTOren sortzaileetariko bat eta lehenengo kudeatzailea izan zen. Gerora ere euskalgintzari lotuta jarraitu du, Ibaizabal Ikastolako zuzendari legez. Egun, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Errektore Batzordeko kidea da.

Zelan gogoratzen dituzu ANBOTOren sorrerako urteak?
Distantziak ematen duen nostalgia puntu horrek gauzak edertzeko joera ematen dizu, baina gogoan dut euskalgintzan egiteko asko zegoen garaia izan zela. Borondatezko funtzionamendu batetik gentozen Eraz aldizkaritik, eta profesionalizazio baterutz gindoazen. Berbaro inguruan hasi zirenek oso presente zuten hori, egitura profesional baten beharra zegoela proiektuari oinarri sendo bat emateko, baztertu barik, jakina, borondatezko lanaren ekarpena. Horri garrantzi handia eman zitzaion hasieratik. Alde batetik, gauza asko egiteko zegoen garaia zen, baina, bestetik, indar handia zegoen Berbaron eta Berbaroren inguruan mugitzen ziren Eraz edo euskalgintzako egitura horretan. 

Era berean, oso kontziente ginen orduko Eraz harek egina zuela ibilbide bat, baina eskualdean zuen eragina mugatua zela; harpidetza bidez funtzionatzen zuen, eta lehenengo kapako jendeak babesten zuen proiektua, baina Durangaldeak hori baino potentzial handiagoa zuela uste genuen. Gertuko erreferentziei begira hasi ginen orduan; adibidez, Goienaren kasuari, izan ere, eurek emana zuten harpidetzatik doakotasunerako jauzia, Din A4tik Din A3ra, eta egunkarien paperera; baina, batez ere, kopuruari erreparatu genion. Askorengana ailegatzeak indarra eta sinesgarritasuna ematen dizkizu proiektu modura. Azken batean, hori bilatzen zen. Horrela gogoratzen dut garai hori. Ordura arte, beste kezka iturri bat erakunde publikoen babesa zen. Erakundeen aldetik kezka bat zegoen horrelako proiektuen atzean zer egon zitekeen, eta zilegitasun hori irabaztea ere kostatu zen. Aitortza hori beste helburuetariko bat zen. Horrez gainera, jende baten artean ez zegoen euskaraz irakurtzeko ohitura handirik; adibidez, nagusien artean, eta apustu bat egin zen irakurterraza izango zen ANBOTO bat kaleratzeko, eta hor, Xabier Amuriza buru, oso lan polita egin zen. Astekari bat sekula euskaraz irakurri ez zuen jende bat konturatu zen posible zela euskaraz irakurtzea eta ulertzea. Batez ere, ilusio handia, indar handia eta talde kohesionatu bat gogoratzen ditut, nahiz eta tentsio egoera batzuk ere izan genituen; aldaketei berezkoa diegu beldurra pertsonok, baina, orokorrean, gaurko begiradatik begiratuta oso egokitzat jotzen ditut urrats haiek. Ez dago zalantzarik egin beharreko urrats kualitatibo bat zela.

Uste zenuen 1.000 alera helduko zela?
Burua ez geneukan horretan. Baina esango nuke gure inguruan zegoen jende batek bazuela buruan oso proiektu iraunkorra sortu behar zela. Eta oso pozgarria da hainbesteraino heldu dela ikustea. 

Baduzu oroitzapen konkreturik?
Gauza askok markatu ninduten. Eskualdean aurkezpen asko egin genuen, eta horrek asko lagundu zidan Durangaldeko jende asko ezagutzeko. Gogoan dut, adibidez, 'Txapel' eta biok Atxondoko alkatearengana joan gineneko bat; guk oso landuta geneukan diskurtsoa, baina, gure harridurarako, alkateak ez zekien euskaraz. Oraindino gogoan ditut pasatu genituen estuasunak aurkezpena gaztelaniaz egiten. ANBOTOrako kanpainan indar handia egin zen, eta hori ere gogoan dut: bideoa sortu, eta oso kartel ezagunak ere egin genituen.

Euskalgintzari lotuta jarraitu duzu. Eskola bat izan da ANBOTO?
Poz itzela ematen dit ANBOTOk 1.000 ale kaleratu izana. Funtsezko tresna da Durangaldea ulertzeko, gure berriak gure hizkuntzan. Eta gure komunitatea saretu ere egiten du. Niri neuri, Ibaizabalen ibilita, bereziki pozgarria zait Ibaizabaleko ikasleen iritzi zutabeak-eta ikusten ditudanean, ikustea belaunaldi berriek zelan parte hartzen duten. Alde horretatik, balorazioa oso positiboa da. Bestalde, kezkaz bizi dut bideragarritasun ekonomikoa eta lan baldintzak ez direlako lortu izan beharko liratekeenak. Alde horretatik, dei bat egin beharko litzaioke Durangaldeko komunitateari Anbotokide egin eta euren ekarpena egin dezan. Gauza horiek ere esan egin behar dira. Denok gustura jasotzen dugu ANBOTO barikuro etxean, eta era berean konpromiso hori eskatu egin behar dela uste dut, bideragarritasun ekonomikoa ere ziurragoa izan dadin. ANBOTO eguneratuta dagoen komunikabide bat iruditzen zait, zenbait euskarritan ematen duelako Durangaldearen berri, baina beharko luke ANBOTOren komunitate zabal horren konpromiso zabalago bat, hau egunero ateratzeko konpromisoa dutenak babesteko. Bes tela, juridikoki ere, iruditzen zait kooperatiba bazkidetza balitz, horrek ere lagunduko lukeela, Ikastolen eta Berbaroren kasuan gertatzen den moduan, adibidez. ANBOTO ezinbesteko tresna da euskara normalizatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!