23 urte bete ditu gaur ANBOTO astekariak

Anboto 2024ko aza. 9a, 11:00

2001eko azaroaren 9an jaio zen ANBOTO, Durangaldeko euskara hutsezko astekaria. Apustua ez zen makala; eskualdeko euskara elkarteek eta hainbat herritarrek babestuta, 'Eraz' aldizkariaren erreleboa hartu zuen. Gaur berripaper honek 23 urte bete ditu. 

ANBOTOren sorrera gogoratzeko, Jone Guenetxea zuzendariak Eraz aldizkariak aurretik egindako lana azpimarratu du: "Durangaldean bazegoen euskarazko tokiko informazioa kontsumitzeko tradizioa, eta hori Erazi eskerrak izan zen". Orain 23 urte euskara elkarteen ekimenez sortu zen proiektuak hainbat eragile, norbanako eta instituziori esker aurrera egin du. Urte hauetan guztietan hedabideen jarduna goitik behera aldatu da. Sare sozialen aro digitalak dena aldatu du bai ekoizpenari eta baita kontsumoari begira ere. Testuinguru berri horretara egokitu da ANBOTO, sare sozialak eta webgunea indartuz.

23 urte hauetan ANBOTO bultzatu duzuen norbanako, iragarle, eragile, instituzio, langile eta irakurleoi eskerrik asko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!