"Organistok geroago eta lan gehiago izaten dugu"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 30a, 11:04

Jose Antonio Uriarte (Zamudio, 1973) Durangaldeko elizetako organistetariko bat da. Azken bost urteetatik hona Mallabiko eta Berrizko hileta elizkizunetan jotzen du. Laster, Urkiolako santutegiko organoa jotzeko aukera izango du. ANBOTO Berrizko elizako organoaren parean batu da Uriartegaz. 

Beraz, zu zaitugu Durangaldeko elizetako organistetariko bat.
Eskualdeko herri txikietako elizetan jotzen dut. Normalean, Berrizko, Mallabiko eta Ermuko elizetan. Noiz edo noiz Berrizko mojen komentuan jo dut, eta laster Urkiolako santutegian jotzeko aukera izango dut. Oraindino ez naiz hasi, baina horretarako eskaria egin didate.

Zer elizkizunetan jotzen duzu?
Normalean hiletetan, eta batzuetan jai berezietan. Adibidez, nire sorterriaren inguruko herrietan, Zamudion, Lezaman eta Mungialdean, elizari loturiko ospakizunetan jotzen dut. Durangaldeari dagokionez, hiletetan eta herrietako jai nagusietan jotzen dut. Adibidez, abuztuko Andra Mari egunean Mallabian egoten naiz. 

Organista asko zaudete Bizkaian?
Oso gutxi, eta geroago eta gutxiago gara. Izan ere, organista asko adinekoak dira. Eta geroago eta gutxiago direnez, gaine rakook lan gehiago dugu. Berrizko organistaren hileta elizkizunean (Balendin Lasuenen hiletan) ni neu izan nintzen organista. Bera hil baino hile bi lehenago hasi nintzen Berrizko hiletetan jotzen. Mallabiko organista ere famatua izan zen, Emilio Pradera. Mallabiko organoari buruzko ikerketa egin zuen. Hain zuzen ere, Mallabikoa da Bizkaiko organorik zaharrenetariko bat.  

Mallabikoa Bizkaiko zaharrenetarikoa?
Bai, hala da. Zaharrena Ziortzako monasteriokoa da (Ziortza-Bolibar). Mendatakoa ere zaharrenetariko bat da, baina guztiz deseginda dago. Eta Ermukoa izugarri organo ederra da, itzela. Baina gerra sasoian haren parte bat txatarra modura saldu behar izan zuten, janaria erosi eta goseteari aurre egin ahal izateko. Altzaria eta tutu batzuk elizan daude oraindino, baina Ermuko hiletak organo elektroniko bategaz laguntzen ditugu.

Zenbat urte daramatzazu organoa jotzen?
38 urte. Niretzat afizioa da, beste musika tresna guztiak bezala. Gustuko ez baduzu, ez zara musika tresnarik ikasten tematuko. Gurea oso familia arrunta izan da. Baserrikoak izan gara, baliabide gutxi izan dugu, herrigunetik urruti bizi izan gara. Eta, halako batean, pianoa jotzen zekien lagun bategaz hasi nintzen ibilbidea egiten. Herriko organistak materiala uzten zidan, praktika nezan, eta, gero, solfeoa ikasi nuen txistua jotzen ikasi ahal izateko. Ikasketa prozesua era autodidaktikoan garatu dut, ordu asko sartuta.  

Domusantu eguna eta hileta elizkizunak tristeziaz bizitzen diren erritualak izaten dira. Urteak igaro ahala, organista egoera horietara ohitzen ote da?
Hiletak eta hiletak daude. 38 urte hauetan zehar, oso hileta latzen lekuko izan naiz. Ume txikien heriotza, istripuz hildako gazteak, bat-bateko heriotzak... Adinekoren baten hileta ere beti da tristea, baina herritarrak beste aldarte bategaz etortzen dira elizkizunera. Gogoan dut behin auto istripuz hildako 16 eta 17 urteko hiru gazteren hiletan jo behar izan nuela organoa. Oso gogorra izan zen. Abadeari berari ere gatx egin zitzaion mezan aurrera egitea. Beraz, ohitu egiten ote garen? Hileta batzuetara ez dago ohitzerik. Kasuak eta kasuak daude. 

Zelan prestatzen dituzu hileta elizkizunetan jo beharreko piezak? Zer aurre-lanketa dago?
Normalean parrokiak berak erabakitzen du zer jo eta zer abestu. Bizkaia txikia da. Badira parrokia guztietan abesten diren kantak, baina, horiez gainera, parrokia bakoitzak bere kanta bereziak izan ditzake. Berrizen, adibidez, Goizian argi hastian izaten da sarrerako abestia. Kanta hori hemen, Berrizen, eta Iurretan baino ez dut entzun. Andikonako Amak bere ereserki propioa du, eta, hemengoa denez, hemen baino ez da kantatzen. Mallabian, Mallabiko Ama dago, han bakarrik abesten dena. Normalean, emailez bidaltzen didate zer jo, elizkizun bezperan. 

Elizkizun batean denek entzuten dute organoaren doinua, baina gutxik ikusten dute organista lanean. Zuen lana behar den beste eskertzen ote da?
Bai. Herritarrek asko eskertzen dute gure lana. Asko zoriontzera etortzen dira, asko gustatu zaiela esatera, eta inoiz opariren bategaz ere etortzen zaizkigu. Jendea oso eskuzabala izaten da. Hileta batean, adibidez, familiak zeozer berezia jotzeko eskatu diezazuke. Jakina, momentu gogorra izaten da eurentzat, eta guk, ahal dugun neurrian, min hori arintzen laguntzen diegu, haiek jotzeko eskatu diguten pieza interpretatuta.  

Organoa jotzeak zer ematen dizu zuri?
Asko ematen dit. Umea nintzenean, lau edo bost urte nituenean, elizako korora igo eta organistaren ondoan jesartzen nintzen. Gure amak organista izateko jaio nintzela zioen. Asko gustatzen zait besteei laguntzea eta musika jotzea. Segun eta zein tokitan nagoen, orduak emango nituzte beste organista batzuei entzuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!